Baztango Euskalgintzak bat egin du Udalak idazkari postuaren inguruan hartutako erabakiarekin

TTIPI-TTAPA 2011ko ekainaren 29a

Udalak ekainaren 21ean utzi zuen bertan behera deialdia euskara jakitea ez zelako eskakizun bezala jasotzen

Baztango Euskalgintzak ohar publikoa kaleratu dut Idazkari lanposturako euskara eskazkizunaren inguruan. Baztango Udalak, ekainaren 21ean, ezohiko bilkuran erabaki zuen aurreko udalak egindako behin behineko idazkari lanposturako deialdia bertan behera uztea, euskara jakitea ez zelako eskakizun bezala jasotzen. Baztango Euskalgintzak erabaki horren inguruan egin diren adierazpenak ezegokiak eta interpretazio okerrekoak direla erran du.

Baztango Euskalgintzak bat egiten du Udalak hartu duen erabakiarekin “ulergaitza baita lehengo udalaren erabakia”. Horrez gain erran dute Baztango Euskararen Ordenantzak 18/1986-ko Foru Legean oinarrituta daudela eta Baztango Udaleko lanpostuetarako euskara ezagutzea beharrezkoa dela. “Kontuan hartu behar da, baztango biztanleriaren %80tik gora euskalduna dela eta gurasoen artean ia %100ak seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzen dituela”.

Udal bateko idazkariak berebiziko garrantzia duela azpimarratu nahi izan dute eta hanka sartze ikaragarria izanen litzatekeela euskara behar bezala menperatzen ez duen pertsona bat hautatzea. Oharra bukatzeko Baztango Euskalgintzak baztandar guztiak euskararen alde lan egitera animatu nahi ditu “erabilerak bermatuko duelako euskararen normalizazioa”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun