5.000 metrotik goitiko hiru tontor igo dituzte bi baztandarrek Himalayan

TTIPI-TTAPA 2011ko ekainaren 24a

Mendizaleak Gokyo Ri gainean (5.357metro). Ezkerretik eskuinera, Miguel Iruñekoa, Andoni Erratzukoa, Angel Gazteizkoa eta Iñaki Amaiurkoa. Ezkerretara ageri den tontorra Cho oyu da (8.201 metro). Utzi

Iñaki Iriarte amaiurtarra eta Andoni Etxeberria erratzuarra dira mendizaleak

Mendia maite dutelako erabaki zuten Iñaki Iriarte amaiurtarrak eta Andoni Etxeberria erratzuarrak Himalaya aldera joatea. Iruñeko agentzia batera jo zuten horretarako eta bortz laguneko taldea osatu zuten: iruñear eta gasteizar banarekin eta madrildar batekin. Duela gutti telebistan ere ikusiak ditugu biak, Edurne Pasabanen espedizio bateko erre­portaje batean, alegia.

Prestaketa moduan, lehenagotik mendian «pixka bat» ibili eta apiri­laren 8an abiatu ziren Nepalera. Hala kontatu digu Iriartek. Kantmandu hiriburura ailegatu eta handik Luklara joan ziren hegazkinez. Lu­kla­tik abiatu zuten oinezko ibilbidea. Bailara batetik igo eta bertze batetik jeitsi ziren eta tarte horretan 5.000 metrotik goiti dituzten hiru gailurretara ailegatu ziren: Gokyo Ri (5.357 metro), Chola pass (5.420 me­tro) eta Kala Pattar (5.545 metro). Azken honetatik, Everest (8.872 me­tro) eta Lhotse (8.501 metro) bezalako tonto­rrak ikusteko aukera izan zuten. Behin ibilbidea akituta, handik Luklar­a itzuli ziren.

20 egun pasatu zituzten Nepal aldean eta erran digutenez, kontent ibili ziren amaiurtarra eta erratzuarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun