Idazkari lanposturako oposaketa gelditu egin du Udalak

TTIPI-TTAPA 2011ko ekainaren 24a

Lehiaketa berriaren deialdian nahitaezkoa izanen da euskararen ezagutza

Ekainaren 9an hasi zen idazkari posturako oposaketa proba geldiarazi du udalak. Udal be­rriak jakinarazi duenez, aitzineko legealdia aki­tzear zela, idazkari lanpostua bitarteko gisa eta administrazio kontratuarekin betetzeko oposizio-lehiaketa abiatu zen urgentziazko lehentasuna emanez. Prozesua plantilla organikoan euskararen betekizuna aldatu gabe abiatu zuen, hau da, euskara jakitea de­rrigorrezkoa izan gabe eta meritua bakarrik izanik, 100 puntutik 2 bakarrik kontatzen zituela. Udalak gogorazi nahi du martxoaren 4an NaBairen udal gobernuak Euskararen Ordenantzat onartu zituela, «Baztango Udalak kontratzen zituen langileek euren lan jarduera euskaraz eta gaztelaniaz egiteko gaitasuna izan beharko zutela zehaztuz».

Ekainaren 20an egiteko zen ezohiko plenoan idazkari lanerako euskara menperatzea betekizun bihurtu dute. Plantillaren aldaketari behin-behineko onespena eman ondotik oposizio-lehiaketa berria abiatuko dute, euskararen betekizuna betetzen duena. Tarte honetan, legeak ezartzen duen bezala, bertze herri bateko idazkari bat gaituko dute Baztango Udalean egin behar diren osoko bilkuretan «atzeratu ezin diren aferak aitzinerat ateratzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun