Boluntariotzako Europar Urtea dela aprobetxatuz, boluntariotza eta elkartasun edo solidaritatearen inguruan bideo lehiaketa antolatu du Bidelagun Elkarteak Bertzearen larruan jarri izenburupean. Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendua dago lehiaketa eta azaroaren 11 arte izanen da lanak aurkezteko epea.
Sari potoloak banatuko dira. Izan ere, lehendabiziko saria 400 eurokoa izanen da, bigarrena 300 eurokoa eta hirugarrena 200 eurokoa.
ArcelorMittalekin elkarlana
Lehiaketa Bidelagun Elkarteak antolatu du, baina Lesakako ArcelorMittalen babesa izan du horretarako. Enpresan Nazioarteko Boluntariotza Eguna ospatu nahi izan zutenean, Bidelagun Elkartera jo omen zuten ArcelorMitaletik, elkartean egiten dutenaren berri jasotzeko. Geroztik proiektuan interesa agertu dutela adierazi dute Bidelagunetik.