Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia jokatu da asteburuan

TTIPI TTAPA 2011ko ekainaren 13a

Berroetako bestetan jokatu da Iparraldeko Joku Torneoaren bigarren jardunaldia. Ekainaren 12an, igandea, egin ziren lokotx biltzea, ingude altxatzea, harri jasotzea, lasto altxatzea, zakuak garraiatzea eta txingen proba.

Fernando Etxegaraik eskuratu zuen lehen postua lokotx biltzen. Beratarrak 6 minutu eta segundu batean bildu zituen 50 lokotxak. Bigarren izan zen Iñaki Ekisoain (Berriozar), hirugarren Eder Goldarazena (Berriozar), laugarren Andoni Lasaga (Etxalar), bosgarren Mikel Iantzi (Elizondo) eta seigarren Unai Iantzi (Aniz).

18 kiloko ingudeari Lazaro Bujan leitzarrak eman zizkion altxaldi gehien minutu batean. Guztira 55 jasoaldi egin zizkion. Patxi Baraibar leitzarrak 52 eta Iker Lizarraga, berriozartarrak 49.

Harri jasotzen Xabier Ariztegi nagusitu zen guztira 3.500 kilo altxatuz. 125 kiloko zilindroari 12 altxaldi eman zizkion minutu batean, 112,5 kiloko kubikoari 8 eta 100 kiloko bolari 11. Josetxo Urrutiak 3.375 kilo jaso zituen, harri zilindriokoari altxaldi bat gutxiago eman zion.

Lasto altxatze Karlos Sein eta Arkaitz Retegi igantziarrek minutu bat 50 segundutan jaso zuten 18 aldiz 45 kiloko lasto fardoa. Oskar Telletxea eta Xabier Galarregik bi minutu eta zortzi segundu behar izan zituzten. Hirugarren bikoteak, Iñaki Bereau eta Eneko Telletxeak bi minutu eta bederatzi segundutan egin zituzten jasoaldi guziak.

Berriozar B taldeko zakulariek segundu bakar bateko aldearekin irabazi zioten Berriozar A taldeari. 360 metro 65 kiloko zakuarekin minutu bat eta 27 segunduko denboran egin zuten Berriozar B taldekoek.

Txingekin Migel Angel Sukuntza leitzarra nagusitu zen, 33 plaza egin baitzituen 40 kiloko txingak esku banatan hartuta. Bigarren izan zen Patxi Baraibar 16 plaza eta laurdenekin, hirugarren Imanol Martin 11 plaza eta hiru laurdenekin. Laugarren Josetxo Urrutia 6 plaza eta hiru laurdenekin eta bosgarren Lazaro Bujan 3 plaza eta laurdenekin.

Iparraldeko Joku Torneoko azken jardunaldia uztailaren 3an jokatuko da Betelun, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun