Txokor biltzea, ingude altxatzea, txinga eramatea, harri-altxatzea, lasto-altxatzea, orga jokoa eta zaku lasterketa. Zazpi modalitate horietan ari dira Iparraldeko Joko Torneoan parte hartzen ari diren kirolariak.
Ekainaren 5ean Urdazubin jokatu zen probarekin hasi zen txapelketako lehia eta orain bertze bi jardunaldi gelditzen dira: igandean, ekainak 12, Berroetan 18:30etik aitzinera jokatuko dena eta uztailaren 3an Betelun, 18:00etan hasita eginen dena. Probak banakakoak dira eta guztira hiru jardunaldi izanen dira eta liga sistema erabiliko da.
PARTE HARTZAILEAK
Txokor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), Andoni Lasaga (Etxalar), Eder Goldarazena (Berriozar), Iñaki Ekisoain (Berriozar), Unai Iantzi (Aniz) eta Mikel Iantzi (Elizondo) ari dira.
Ingude altxatzen, Lazaro Bujan (Leitza), Iker Lizarraga (Berriozar) eta Patxi Baraibar (Leitza) agian.
Txingekin, lau leitzar: Miguel Angel Sukuntza, Josetxo Urrutia, Lazaro Bujan eta Patxi Baraibar eta Imanol Martin (Berriozar).
Harri altxatzen Josetxo Urrutia (Leitza) eta Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar).
Lasto altxatzen bikoteka sei lagun: Iñaki Bereau eta Eneko Telletxea (Igantzi), Karlos Sein eta Arkaitz Retegi (Igantzi), eta Oskar Telletxea (Igantzi) eta Xabier Galarregi (Etxalar).