Dirulaguntzak murriztuta, egoera ekonomikoa zaila dela-eta, Behikaka.com ekimena antolatu zuen Xorroxin Irratiak orain hiru urte dirua biltzeko. Eta aitzineko bi edizioetan izan duen arrakasta ikusita, aurten berriz egitea erabaki du. Uztailaren 24an, igandearekin, eginen da zozketa berezia.
Xorroxin Irratiaren egoitza parean dagoen zelaian eginen da zozketa. Belagaia 2.000 laukitxotan banatuko dute, bakoitza 0,5 x 1 metroko neurrikoa. Guztira 20 lerro eta 100 zutabe. Laukitxo horiek salgai jarri dira, boleto batzuen bidez eta eskualdeko ostatu eta komertzioetan erosi ahal izanen dira, bortz eurotan. Internetez eta telefonoz eskariak eginez ere eskuratu ahal izanen dira. Boletoak uztailaren 24a arte gorde behar dira, egun horretan eginen baita zozketa. Gero, zenbaki saridunen jabeek hilabete bateko epea izanen dute saria eskuratzeko. Epe horretan ez bada saridunik atera, ordezko zenbakia indarrean sartuko da eta 15 eguneko epea izanen da saria eskuratzeko.
SARIAK
Saria banatzeko arduradunak hiru behi izanen dira: Erdiz, Lore eta Zagua eta hiru sari edo lote banatuko dira: lehendabiziko lotea: Mugaritz jatetxea (Donostia), Ibernalo landetxea (Kanpezu, Araba), Gorraizko Gaztelua, Urbano jatetxea (Donostia), Donostiako Aquarium-eko 15 sarrera. Bigarren lotea: Mugaritz jatetxea (Donostia), Nekatur Landetxeen elkartea, Fiteroko bainuetxea, Hondarribiako Arroka Berri jatetxea, Donostiako Aquarium-eko 15 sarrera. Hirugarren lotea: Arzak jatetxea (Donostia), Txapatera landetxea (Izaba), Panticosa bainuetxea (Huesca), Samaniego Jauregi (Araba), Donostiako Aquarium-eko 15 sarrera.
Horrez gain, egun berean gauza gehiago ere zozketatuko dira ostatuan tragoxkaren bat hartzearen truke banatuko diren zenbakien bidez. Donostiako Aquarium-eko sarrerak, bizikleta bat, Lur-Lan produktu lotea, Aroa Ardoak eta Esait-eko materiala banatuko dira.
Eta eguna besta ttiki moduan planteatu nahi denez, zozketaz gain, musika, zuzeneko irratsaioa, bertsolariak, jokaldi hoberenen komentarioak eta ostatua izanen dira.