Erearoan sartzeak, eskolako ordutegian aldaketa ekarri die neska-mutikoei eta hori ikasturtea akitzeko gero eta guttiago gelditzen den seinale da. Horren harira, jarduerak eta ateraldiak egiten ari dira ikastetxeetan. Amaiurko eskolan, erraterako, erearoaren 13an Yolanda Arrieta ipuingile eta idazlearekin topaketa eginen dute. Etxepare sariaren sustapenerako saioen baitan diruz lagundutako ekimena izanen da. Eta bi egun beranduago, 15ean, Iruritako frontoian, bertze herri eskolekin batera, musika kontzertua eskainiko dute 3. mailatik goitiko ikasleek. Hilaren 20an altxor bilaketa eginen dute, eskolako haundienek koxkor eta ttarrendako prestatutako jolasa, hain zuzen. Eta 21ean Aritzakunera joanen dira egunpasa egitera, senide, haur, maisu-maistra zein animatzen den amaiurtar ororekin.