Begoña Sanzberro buru duen UPN alderdi erregionalistak 37 botoko aldea baino ez dio atera Garbiñe Elizegiren Bildu taldeari. Biek bortz zinegotzi eskuratu dituzte, eta nahiz eta boto gehien eskuratu dituen alkategaia UPNko Sanzberro den, litekeena da Bilduko zerrendaburua izatea hurrengo agintaldiko alkatea, baldin eta, Florentino Goñi buru duen Ezkerrak edo Peio Iriarteren NaBaik haren alde egiten badute larunbat honetan, ekainak 11. Orduan eginen baita kargu hartzea.
Hauteskunde hauetan galera izugarria izan duena NaBai izan da. 2007ko udal hauteskundeetan 1.931 boto izatetik orain 388 izatera pasatu da. Hala, duela lau urte Alderdiaren Legea tarteko, zazpi zinegotzi eskuratu zituen eta aldi honetan, bakarra eskuratu du.
Baztango Ezkerrak, bere aldetik, bi zinegotzi eskuratu ditu eta Luis Roldanen eskutik aurkeztua zen PSNk ez du ordezkaririk lortu.