Iruritako III Herri Lasterketa jokatu zen ekainaren 5ean, igandean, Salbatore besten barrenean. Gizasemeen artean, Elizondoko Alberto Barberena nagusitu zen, 25 minutu eta 16 segunduko denborarekin. Bigarren Iñaki Telletxea izan zen eta Patxi Cobo hirugarren. Zazpi kilometro terdiko ibilbidea osatu behar izan zuten eta 26 gizonek hartu zuen parte.
Emakumezkoen artean, Iraizozko Vanesa Patxa izan zen bizkorrena, 19 minutu eta 40 segunduko denborarekin. Bere ondotik, Laura Sola eta Maika Ariztegi iturendarra helmugaratu ziren. Sei emakumek egin zuten 5 kilometroko ibilbidea.
Helduen lasterketaren aitzinetik, 82 neska-mutikok parte hartu zuten haurrendako laugarren lasterketan.