Baztango haurren arteko harremanak bultzatu, ingurumenarekiko jarrera positiboak sustatu, Baztango kultura eta natura ezagutu eta haurren garapen pertsonala lantzeko helburuarekin, aurten ere Udako Jostaldiak antolatu ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak. Uztailean eta abuztuan izanen dira, eta 3-12 urte bitarteko gaztetxoendako.
Jokoak, eskulanak, tailerrak, txangoak, kirola... Horiek eta bertze hainbertze gauza landuko dituzte udako asteetan, 10:00etatik 13:00etara eginen diren saioetan.
Hiru txanda izanen dira: uztailaren 4tik 15era Elizondon izanen dira Udako Jostaldiak; uztailaren 18tik 29ra Erratzun eta abuztuaren 1etik 12ra Elizondon. Aste bakarra ere egin daiteke, baina lehentasuna bi asterako aukeratzen dutenek izanen dute.
Izen-ematea eta prezioak
Txandako 66,5 euro ordaindu beharko dira eta familia ugaria baldin bada edo txandan anaia-arreba bat baino gehiago baldin badaude 56,5 euro ordaindu beharko dira. Aste bakarra aukeratzekotan, berriz, 40 euro.
Izena emateko Dindaia Fundaziora deitu beharko da (948 277620), 10:00etatik 13:00etara. Ekainaren 6an irekiko da horretarako epea eta 17ra arte egonen da zabalik. Ordaintzeko azken eguna ekainaren 24a izanen da.