Azken urte hauetan, bertze hainbat kultur erakunde edota elkarte bezala, Xorroxin irratiaren egoera ekonomikoa nahiko zaila da, dirulaguntzak murriztu baitituzte. Hori dela eta, diru iturri berriak bilatu behar izan dituzte eta bide horretan, duela bi urte Behikaka.com ekimena antolatu zuen, gehienbat Nafarroako Gobernuak dirulaguntza osoa kendu zielako, gainontzeko euskarazko hedabideei bezala. Ekimenaren arrakasta ikusita, iaz Behikaka.com –en 2. edizioa antolatu zen, eta aurten hirugarren edizioa gogotsu antolatu du Xorroxinek.
Uztailaren 24ean, igandearekin ospatuko da Behikaka.com ekitaldi berria Elizondon, Xorroxin irratiaren egoitza parean dagoen belagian.
Belagia aurten 2000 laukitxotan banatuko da, bakoitza 50 cm x metro 1eko neurrikoa. Guztira 20 lerro eta 100 zutabe. 2000 laukitxo hauek salgai jarri dira, boletoen bidez. Eskualdeko ostatu eta komertzio aunitzetan jada salgai daude. Eskualdeko herrietan bakarrik jarri dira salgai, dena den, internet bidez edo telefonoz eskaera egin eta etxera bidaltzeko aukera ere eskeintzen da, eskualdetik kanpoko jendearentzat. Laukitxo bakoitzak, boleto bakoitzak 5 euro balio du, nahi adina eros daitezkeelarik. Boleto hauek uztailaren 24a arte gorde behar dira, egun horretan eginen baita zozketa berexia. Eta badaezpada ere, saridunak atera arte gordetzea aholkatu dute, izan ere, aurten, berrikuntza gisa, ordezko zenbakiak ere aterako dituzte. Honela, hasierako zenbaki saridunen jabeek hilabete bateko epea izanen dute saria eskuratzeko, abuztuaren 24a arte. Epe horretan ez bada saridunik ateratzen, ordezko zenbakia indarrean sartuko da eta 15 eguneko epea izanen da saria eskuratzeko.
Sariak banatzeko arduradunak, aurreko edizioetan bezala, hiru behi izanen dira, Erdiz, Lore eta Zagua. Hiru sari banatuko dira. Edo hobe erranda, 3 pak, sari bakoitzak gauza bat baino gehiago izanen duelarik. Hiru behi eta hiru sari, beraz behi bakoitzak sari bat banatuko du. Aurten 20 minutu izanen ditu behi bakoitzak kaka egiteko. Behi bakoitzak kaka egiten duen laukitxoaren jabea izanen da sari bakoitzaren irabazlea.
Argi dago, zozketa honen helburuetako bat dirua biltzea dela, laguntza ekonomikoa jasotzea dela, dena den, ez da soilik hori izanen. Egun hortan berean, uztailaren 24an, besta ttiki bat eginen baita zozketa, musika, zuzeneko irratsaioa, bertsolariak, jokaldi hoberenen komentarioak…izanen dira, eta tragoxkaren bat hartzeko ostatua ere. Eta aurten ere, iaz egin bezala, sari gehiago banatuko dituzte.
Xorroxin Irratiak, Baztan-Bidasoa eskualdean lanean dihardu. Duela 30 urte sortu zen, eta geroztik bide luzea egin du. Euskal herrian, euskara hutsean emititzen duen irrati aitzinakoena dugu. Gure irrati honek, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko hedadura hartzen du, guztira, 23.000 biztanle inguru daudelarik eskualde honetan. CIES enpresak egindako neurketaren arabera, entzuleak 14.000 inguru dira. Gure eskualdeaz gain Hondarribia, Irun eta Iparraldeko herri aunitzetan ere sintonizatzen da Xorroxin Irratia.
Informazio osotua www.behikaka.com web orrialdean.