Bertze urte batez, Mexikon bizi diren baztandarrek Baztango Eguna ospatu dute maiatzaren 1ean, Ertamerikako herrialde horren hiriburuko Euskal Etxean. 150 lagun baino gehiago bildu ziren bazkarian eta ondotik izan ziren ospakizunetan.
Jatorriz baztandarra den Mari Carmen Arretxea presidenteak aipatu digunez, “txikiek eta helduek Baztango menu tipikoa dastatu ahal izan zuten, baztanzopak, piperrada, bildotsa txilindron erara, azpixuna zainzuri saltsan eta postrerako, betiko sagar tarta eta bainilla izozkia, bestaren antolaketa batzordeko kideek prestatua”.
Urtero bezala, giro ederrean joan zen eguna eta bazkalondoan, Euskal Etxeko lagunek eta senideek hainbat ospakizun izan zituzten. Ohiturak agintzen duenez, mus txapelketa azkarra antolatu zen eta hamasei bikotek hartu zuten parte. Gau partean, indarrak berreskuratzeko ogitartekoak jan ondotik, batzuk patxangarekin segitu zuten eta bertze batzuk, atseden hartzera erretiratu ziren.