Joan den ortziralean, apirilaren 29an ospatu zen Elizondoko Udaberriko Feria, giro ederrean. Merkatuko Plaza inguruan, behiak, zaldiak, behorrak eta asto batzuk ikusi ziren eta ahari lehiaketara bi dozena buru aurkeztu ziren. Horretaz gain, eskulangileen lanak eta etxean egindako produktuak ere plazaratu ziren.
Ahari lehiaketari dagokionez, burugorrien atalean, Arraiozko Xuntonea baserriko Sagrario Urrozen aurkeztutako aharia izan zen onena epaimahaiaren arabera eta honen senarrak, Juan Irigoienek hartu zuen lehen sariko kaikua. Bigarren saria, Gartzaingo Etxezuriko Feliciano Etxartek eskuratu zuen eta hirugarrena Arraizoko Indakoa baserriko Felisa Ugartek.
Burubeltzen atalean, lehenbiziko saria Almandozko Etxotoa baserriko Norberto Agerrek eskuratu zuen eta bigarrena Iruritako Gernuxarreako Miguel Angel Maritorenak. Hirugarren saria, Almandozko Etxetoako Begoña Etxalarrek eraman zuen.
Epaimahaia, Elbeteko Errotaxaingo Bixente Goienetxek, Gartzaingo Maitoneko Federiko Etxenikek eta Josu Sarobe albaitariak osatu zuten. Merkatu Plazako gorapean Baztanzopak eta Esarte harategiko Javier Pinak paratutako haragi errea ere eskaini ziren.