“Baztango Eguna” ospatuko dute Mexikon

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 29a

Maiatzaren 1ean DF-ko Euskal Etxean elkartuko dira Mexikoko baztandarrak

Urtero bezala“Baztango Eguna” ospatuko dute maiatzaren 1ean, igandean, Mexiko DF-ko Euskal Etxean. Data aspalditik finkaturik dago Mexikon bizi diren baztandarren artean. Orain zortzi urte hasi ziren Euskal Etxean modu ofizialean besta hau antolatzen. Aurretik urteetan zehar modu pribatuan biltzen ziren baztandarrak egun hau ospatzeko.

Baztango Egunerako honako ekitaldiak prestatu dituzte. Goizean “Agur Jaunak” abestuko dute, falta direnak eta aurreko belaunaldiak gogoan. Ondoren bazkaria izanen da Juango Arrieta Larregi sukaldariak prestatua. Bazkariak erabateko ikutu baztandarra izanen du. Arratsaldean besta izanen da nagusi, mus partidekin batera. Eta nahi duenak gauen besta luzatzeko aukera ere izanen du.

Horrez gain, Iñigo Manterola artista plastiko oriotarrak erakusketa zabalduko du maiatzean Euskal Etxeko Erakusketa Aretoan. Hori dela eta bertan izanen da oriotarra.

Baztandarrak ez ezik bertan bizi diren euskaldunak ere gonbidatu nahi dituzte Baztango Eguneko besta honetara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun