Musika bakarlarien lehiaketa eginen da lehendabiziko aldiz apirilaren 30ean Elizondon

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 28a

Baztango Udalak eta Fidah Fundazioak antolatua, 13-16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago

Baztanen eta inguruan berria den ekimena paratu dute martxan Udalak eta FIDAH arte eta humanitateen zabalkundean ari den nazioarteko fundazioak elkarlanean: Musika Bakarlarien I. Lehiaketa. Apirilaren 30ean, larunbata, eginen da Arizkunenea Kultur Etxeko Kontzertu Aretoan, goiz eta arratsaldez.

13 eta 16 urte artean dituzten Hego Euskal Herriko gazte guztiek parte har dezakete, eta pianoa, haizea, haria, arpa eta perkusioa izanen dira lehiaketan parte hartzeko onartuko diren musika tresnak.

 

Egitaraua

Egun osoko lehiaketa izanen da. 10:00etan elkartuko dira Arizkunenean, eta partaideek hurrenkera alfabetikoan joko dute. Hasierako partaideetatik batzuk pasatuko dira finalera, eta finalistak Kultur Etxeko iragarki oholean zintzilikatuko dira 14:00etan. Finala, berriz, 16:30ean hasiko da.

Kanporaketan, parte hartzaile bakoitzak gehienez 10 minutuko saioa eskaini beharko du eta finalean gehienez ere 20 minutukoa. Egitaraua norberak aukeratua izanen da.

 

Sariak

Bi sari banatuko ditu musika arloan ospea dute hiru irakaslek eta FIDAHeko kide batek osatutako epaimahaiak. Lehendabiziko saria musika tresnak erosteko 300 euroko balioa duen txartela eta sorterrian kontzertu bat emateko aukera izanen da; bigarren sarituak musika tresnak erosteko 150 euroko balioa duen txartela eskuratuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun