Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak udal politikan egindako praktika egokien sariak banatu ditu aurten bigarren aldiz. Hain zuzen, sarituetako bat Baztango Udala izan da. Irungo Kunsthal Arte Plastiko eta Diseinu Eskolarekin egindako lankidetza hitzarmenagatik hartu du saria Udalak. Federazioak legealdiaren bukaeran ematen ditu sari hauek eta apirilaren 8an banatu zituen aurtengoak. Virginia Aleman alkateak hartu zuen saria Udalaren izenean.
Hiru akordio sinatu izan ditu Udalak Kunsthal zentroarekin, ikasle eta irakasleei kasu errealak eskaintzeko helburuarekin. Trukean, Baztango tokiekin lotutako proposamenak diseinatu izan dituzte. Urte hauetan hondakinen edukiontziei buruzko lanak egin dira, Haur Eskolaren paisaia landu eta bere nortasuna diseinatu, Elizondoko ikastetxeetarako bideak seinalizatu eta garatu, ariketa fisikoa lantzeko kanpainarako sinboloa edo marka sortu...