Elizondoko Mendikuaren etxea izan zenak Bidelagun, Cocemfe eta Anfas elkarteak eta gida baimena ateratzeko zerbitzuak eskainiko ditu.
Baztango Udalak apirilaren 11kako udal plenoan hartu zuen erabakia. Etxearen zati bat Osasun Sailarentzat izanen da azterketa psikoteknikoak egiteko eta baita gida baimenari dagozkion bertze tramiteak egiteko ere. Bertze zatia Anfas, Bidelagun eta Cocemfe elkarteentzat izanen da eskualdean egiten ari diren gizarte proiektuak aurrera eramateko.
Medikuaren Etxea Elizondoko osasun etxearen ondoan dago. Orain gutxi arte 0-3 urte artekoen haur eskola izan zen. Goitik behera eraberritua eta egokitua izan da. Etxe barruko banaketa aldatu, barrera arkitektonikoak kendu eta sarrera egokiak egin dituzte. Obrak bukatuta daude eta hemendik gutxira izanen dute aipatutako elkarteak bertan egokitzeko aukera.
Kasino Elkartea
Udal plenoan Kasino Elkarteak duen eraikinaren eraisketa eztabaidatu zen. Udal garajean gaur egun Elizondoko Kasino elkartearen sukaldea dago. Eraikina botaz gero udaletxeko sarrera egokituko litzateko Pedro Axular aparkalekutik. NaBaiko 6 zinegotziek etxea botatzearen alde bozkatu zuten eta UPN 4rek aurka. Hala ere erabaki hau hartzeko hurrengo legealdira arte itxaron beharko da. Gehiengo osoz hartu beharreko erabakia baita.
Legate mendiko trikuharria
UPN alderdiak Legate mendiko trikuharriaren egoerari buruz galdegin zien udaleko arduradunei. Bertan egiten ari diren lanen ondorioz dolmenak kalteak izan dituelako. Makinak alde bat zapaldu eta ondatu egin du. Vianako Printzearen erakundea jakinaren gainean dagoela erantzun zuen udalak.