Ezker Abertzaleak Herriprograma ekimeneko ondorio nagusien berri emateko agerraldia egin zuen martxoaren 26an Elizondon. 117 lagunek parte hartu dute ekimenean, «denak ere bertze Baztan bat eraikitzeko eginahalean, abertzalea eta ezkerrekoa, herritarra», aipatu zenez. Lan eta pentsioen erreforma, murrizketa sozial eta egitasmo suntsitzaile garai honetan, Baztanen ere hori bera bertze maila batean ikusi dela uste du Ezker Abertzaleak, «burbuila inmobiliarioa, Aroztegiako proiektu espekulatzailea, zahar etxearen pribatizazioa, hiltegia gainbehera uztea, agintekeria eta herritarrei kasurik ez egitea… Horretan Nabaik eta UPNk bat egin dute; inongo eragozpenik gabe». Baztango egoera hori aldatu beharra dagoelakoan dago Ezker Abertzalea, «bertzenaz, NaBairen eta UPNren politikek Baztanekin akituko dute». Aldaketa bide horretan zazpi zutabe nagusi zehaztu dituzte, bere lana finkatzeko. Lehenik, Baztango erakundeak demokratizatu behar direla uste du, «herritarren parte-hartze zuzen eta etengabea bermatuz». Zerbitzu publikoak pribatizatzeko Udalaren apostuarekin akitu beharra dagoela ere pentsatzen du eta Udal Plan Orokorra herri bakoitzeko beharren arabera egin behar dela. «Lehenbailehen» eskualdekoekin parekatuko diren udal zerbitzu sozial eraginkor batzuk garatzearen beharra ere azpimarratu du. Baserritar, kontsumitzaile, albaitari, harakin, tratante eta behar den guztiaren iritzia kontuan hartuz, nekazaritza sektoreko eragileen gunea sortu behar dela ere uste du Ezker Abertzaleak eta horrek Baztango garapenaren oinarrietako bat behar duela izan. Baztan eta udal euskaldun bat erdiesteko erabateko konpromisoa eta parekidetasunean eta berdintasunean aitzinatzeko udal plan bat egitea ere ageri dira Ezker Abertzalearen oinarrizko ardatzen barrenean, baina horiez gain, herri programan arlo guztietarako proposamenak bildu eta adostu dituzte eta horien lanketan segitzen dute. Zortzi urte udaletik kanpo eduki dituztela gogoratu ondotik, indartsu itzultzeko tenorea iritsi dela iritzi diote.