Apirilaren 1ean izandako Batzar Nagusiaren ondorioz Diario de Noticias egunkarian argitratutako artukuluan ez dela egia erraten uste dute Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz eta Zigako alkateek, baita Baztangoiza eta Erbereko junteroek ere. Beraiek sinatu eta Ttipi-ttapara igorritako idatziak dioenez, “lehenik eta behin, garbi geldi daiela herrietako alkateek ez dugula talde politikorik ordezkatzen eta ezker abertzalea ez dagoela Batzar Nagusian. Beraz, ezker abertzaleak ez du deus proposatu, alkate talde batek egin zuen proposamena azken Batzar Nagusian”. Alde horretatik, alkateek ez zuten “inondik inora ere, legea ez betetzea proposatu”. Beraien proposamenan Baztanen egiten diren herri lanetan bertako enpresa guztiei lehentasuna eta aukera berdinak ematea izan zela diote, “enpresa horiek dituzten lanpostuak mantentzeko, beti ere legalitatearen barnean”.
Artikulu horretan aipatutakoa benetan garrantzitsuak diren gaiak ez aipatzeko “estrategia” bat dela uste dute idatzia sinatzen duten alkate eta junteroek, hala nola Oharrizko harrobia. “Herri lurren kudeaketa Batzar Nagusiko konpetentzia dela atzenduta eta bere gainetik pasatuta, Baztango udalak harrobiaren gaineko erabakia hartu du. Hala ere, Batzar Nagusiak Baztango alkatearen erabakia bertan behera utzi du eta komisio bat eratu du gaia behar den bezala aztertzeko” diote. Artikuluaren idaztea Batzar Nagusiko kide ere denez, “informazioa manipulatzeko bere partiduaren mesederako eta bere helburu bakarra herrietako alkataek mintzea eta jendeaitzinean lotsaraztea” dela uste dute. Bertze aldetik, Arraiozko alkateari ere elkartasuna adierazi diote. “Batzar Nagusian errandakoa, agian, kontestutik kanpo gelditu zen, baina baztandar anitzen burutan dago, baita sinatzaileenetan ere, eta horrexegatik, bat egiten dugu berekin”, diote.
Idatzia sinatu duten alkate eta junteroek aunitz sentitzen dute “oraingo udalak ez du eskertu herrietako alkateen lan egiteko gogoa eta borondate ona, eta beti gure kontra jarri izana elkarlanean aritu beharrean”.
Ezker Abertzaleak ere erantzuna
Baztango Ezker Abertzaleak ere gogor erantzun dio Batzar Nagusiaz Diario de Noticias egunkarian “idatzitako gezur eta faltsukeriei”. Ezker Abertzaleak Batzar Nagusietan duen ordezkaritza bakarra azken udal hauteskundeetan hartutako bi zinegotziak direla diote, “baina alderdien lege antidemokratikoarengatik hauek ezin izan dute beren kargua hartu”. Mozioa aurkeztu zuten Baztango alkateen eta ezker abertzalearen artean kazetariak eginten duen lotura “gezur hutsa” dela azpimarratu dute, “herrietako alkateen hautaketa ez da alderdi baten izenean egiten, herri bakoitzak batzarreen bidez hautatzen ditu”. N.P. kazetaria eta Diadio de Noticiasen arduradunak ere salatu dituzte, “ezker abertzalearen lana zalantzan jartzeko helburu bakarrarekin informazio manipulatuak eta alderdikoiak behin eta berriz emateagatik eta babesteagatik”. Bailaran gertatzen den guziaren gibeletik ezker abertzalea dela pentsatzeak “gure kontrako obsesio itsua bertzerik ez duela erakusten” uste dute.