Baztan Rugby Taldearen gaupasa apirilaren 16an eginen da Larraintzarren

TTIPI TTAPA 2011ko api. 1a, 10:19

Afarirako txartelak apirilaren 12a bitarte daude salgai

Baztan Rugby Taldeak urtero antolatzen duen gaupasa apirilaren 16an eginen da Larraintzarko Ultzama pilotalekuan. Ekonomikoki urteko egunik garrantzitsuena denez, lana gogotik egiten dute Rugby Taldekoek gaupasaren antolaketan. Inguruko produktuak dastatzeko aukera emanen duen afaria eginen da lehenik, osorik burduntzian erreko den aretxea barne. Afalondoan akordeolariak alaituko du giroa eta kantu zaharrak eta sorpresak ere izanen dira. Gero gaupasa izanen da Jalisko Band taldearekin eta ondotik DJak ariko dira.

Afarirako txartelak apirilaren 12a bitarte salgai izanen dira Elizondoko Futbolin, Goizalde eta Txokoto ostatuetan eta Ultzaman Eltzaburuko Ostatuan, Arraizko Ostatuan eta Orgi jatetxean. Afaria eta bonolaguntzaren truke 25 euro ordaindu beharko dira eta bonolaguntzarengatik, bakarrik, 7 euro.

Aitzineko urteekin konparatuz, berrikuntza gisara, 500 euroko balioa duen bidai-bono baten zozketa eginen da, bertzeak bertze 6 Nazioen Lehiaketako sarreretan, hoteletan, bainuetxeetan edo landetxetan erabiltzeko, baita eskualdeko produktuak dituen lote baten zozketa ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun