Iruritako ikastetxe publiko berria eraikitzeko lanak apirilean akitu omen dira. Hala adierazi zuen Alberto Catalan Hezkuntza kontseilariak martxoaren 16an egindako bisitan. Instalazio horiek ziurrenik irailean irekiko dituzte, 2011-2012 ikasturtearen hasieran. Bisitan, kontseilariak alboan izan zituen Patxi Esparza Ikuskaritza eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Peio Obregozo Iruritako alkatea eta Kontxi Zeberio zentroko zuzendaria, baita udal ordezkariak eta Guraso Elkarteko kideak ere.
Nafarroa 2012 Planera bildutako obra honetarako 786.060 euroko inbertsioa egin da eta soilairu bakarreko eraikin berria egin da. Horretan Haur eta Lehen Hezkuntzako zazpi gela, informatika gela eta erabilera anitzeko gela egonen dira, baita irakasleen gela, zuzendaritza bulegoa, komunak eta bertze arlo batzuk ere, hala nola biltegiak eta ataripea. 70 ikasle eta 10 irakasle hartuko ditu.
Ikastetxea eraikitzeko lanak joan den abenduan hasi ziren eta Mariezkurrena enpresak egin ditu. Proiektua eta lanen zuzendaritza, berriz, OM Arquitectura y Urbanismo SLP estudioaren ardura izan dira.
Eskola berria eskatzen hasi zenean, sarbide egoki baten beharra ere azpimarratu zen. Izan ere, alderdi honetan, eskolaz aparte, Lekaroz, Gartzain eta Iruritako medikuaren etxea daude. Honek trafikoaren gorakada ekarriko du, eta sarbide txarra izateaz aparte, hainbertze kotxeren trafikoak arazoak ekarriko ditu, gurutzatzea zaila delakoz.