Iberdrolak 19.620 euro sobera fakturatu dizkio Udal liburutegiari

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

Egiazko kontsumoa 5.506 eurokoa izan da

Isolamendu kaxkarra zuela. Obra gaizki egina zela. Hainbat argudio erabili ziren udal liburutegi berriaren argindar gastu handia azaltzeko. Baina arrazoia bertzelakoa izan da: Iberdrolak egiazko kontsumoaren arabera fakturatu beha­rrean, estimazioaren arabera fakturatu du, konta­dorea irakurri gabe. Eta estimazio hori, egiaz kon­tsumitu dena baino 19.626,77 euro gehiagokoa izan da.

Hala, 2010eko mar­txo­­­tik 2011ko ilbeltzera da­gokion kopuru hori itzu­li egin beharko dio Iberdrolak Udalari, faktu­razioaren %80. Iberdrolak 25.133,50 euro faktu­ratu zuen bitartean, egiazko kontsumoa 5.506,73 eurokoa izan zen. Azken lau urtee­ta­ko fakturazioak, iazko urri­tik aurtengo urtarrilerak, alarma-argiak piztu zituen Udalean, izan ere, egiazkoa baino 15.000 euro handiagoa izan da. Iberdrolaren azalpenak lasaitasuna eka­rri du, gaizki egin zen fakturazioak ia ezinezkoa bihur­tzen bai­tzuen udal liburutegia mantentzea.

Gainera, burugabeko fakturak eztabaida handia piztu zuen udaletxean NaBai eta UPNko zinegotzien artean, azken hauek lana gaizki egin zela leporatu baitzioten Udal Gobernu Taldeari. Martxoaren 14ko udal batzarrean eman zen Iberdrolaren komunikazioaren berri eta modu berean, NaBaik zuzenketa egitea eskatu zien UPNko zinegotziei, «bere erranek iritzi publikoaren aitzinean eragin duten kalteengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun