Lekarozen egitekoa den proiektu berriaren lanek aitzinera segitzen dute. Hiru jarduera izanen ditu: lehengo ukuiluetan hizkuntz-murgiltze zentroa (50.000 metro koadro) eginen da, garai bateko baratzeetan enpresa parkea (49.691 metro koadro) eta eliza inguruan kultur eremua (11.695 metro koadro). Hizkuntz-murgiltze zentroak 2012ko ekain aldera zabalduko ditu ateak, eraikitze eta urbanizazio lanak akitutakoan. Eta urtero 3.000 haur, gazte, profesional eta irakasle ingelesean trebatzeko programak landu nahi dira. Hala azaldu zuten martxoaren 15ean egindako bisitaldian Alvaro Miranda bigarren presidenteordeak eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Juan Carlos de los Mozos Red Leaf-eko (enpresa esleipenduna) merkataritza eta marketin zuzendariak. Azken honek gaineratu zuenez, «xedea hizkuntzak ikasteko Lekaroz nazioarteko marka sortzea da, hizkuntza berrikuntzaren oinarria bihur dadin».
Hizkuntz-murgiltze zentroa martxan paratzeko ardura Red Leaf SL-Sedena SL enpresek izanen dute. Zentroa eraikitzeko lehiaketa apirilean deituko da eta lanak uda honetan hasiko dira. Bertzalde, enpresa campusa urbanizatzeko eta sarbideak egiteko lehiaketara hamar proposamen aurkeztu ziren, eta lanak Iruña Construcciones enpresari esleitu zaizkio, 3,8 milioi eurotan, lizitazio prezioa baino %6,5 guttiago. Eta eliza zaharberritzeko lanak ere urbanizazioaren barrenean hasiko dira. Ondotik, elizak, Udalak eta Gobernuak planifikatutako kultura espazioa osatuko da. Hiru jardueretarako 12 milioi euro inguruko inbertsioa eginen da. Gobernuak dagoeneko 4,1 milioi inguru inbertituak ditu.