Nafarroako subirotasuna aldarrikatu dute Amaiurren

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

Josu Intziarte

Euskal Herri osotik hurbildutako 400 bat lagunek parte hartu zuten martxoaren 13an Amaiurren, Nafarroa Bizirik 1512-2012 Ekimenak egindako deialdiari eran­tzunez. Gaztelak Nafarroako Erresuma konkistatu zuela 500 urte beteko dira heldu den urtean eta horren harira eginen diren ekitaldien barrenean, orduan Amaiur­ko gaztelua zegoen eta gaur egun oroitarria dagoen lekuan egin zen lehen ekitaldia, ikurriña eta Nafarroako ikurren artean. Nafarroako erresumaren independen­tziaren alde Amaiurko gaztelua defendatzen hil zirenak gogoratzea zen ekimenaren lehen helburua. Txalaparta doinuen ondotik, 1512-2012 Ekimeneko Patxi Abasolok hartu zuen hitza, Amaiurko defendatzaileen lana goraipatuz. Amaiurko Gaztelu Elkarteko Juan Mari Alemanek eta Julian Rekalde Amaiurko alkateak eskerrak eman zizkieten bertaratutakoei eta herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatzeko aldarrikapena egin zuten. Oroitarriaren aitzinean aurreskua dan­tza­tu eta lore eskaintza egin zen. Plazan, berriz, Bittor Elizagoien eta Manolo Aroze­naren bertsoak eta Mila eta Fabianen jotak euskaraz aditu ziren. Gero, Fermin Valenzia historiadore eta kantari ezagunak Nafarroa Bizirik 1512-2012 Ekimenaren helburuak azaldu zituen eta talde honen egitasmoaren berri eman. Hain zuzen, XVI. mendean Nafarroako erresumaren alde borrokatu zuten gazteluak mugarriz­ta­tzeko helburua du Ekimenak eta, aldi berean, ekain hasieran 1512. urtean konkis­tatuak, 2012. urtean bizirik! izenburupean Iruñean eginen den jaialdian parte har­tzeko gonbitea luzatu zuen. Ekitaldian parte hartu zutenen artean politika munduko hainbat lagun zeuden, bertzeak bertze NaBaiko parlamentariak diren Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa eta Maria Luisa Mangado, ezker abertzaleko Patxi Urru­tia, Julen Mitxeltorena eta Xanti Kiroga, Iruñeko alkatetzarako EAko hautagaia den Eva Aranguren edo Pedro Mari Esarte historiadorea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun