Enpresa bakarrari emandako 13 obrengatik galdetu du UPNk

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

Baztanen egindako 13 obrak enpresa berari­ eman zaizkiola eta udal gobernu taldea osatzen duen NaBairi kontratazioari buruz eskatu­tako informazioa jasotzeko izan dituen arazoak salatu ditu UPNk. Talde erre­gionalistaren arabera, mar­txoa­ren 3an eskatu zituzten LKS en­pre­sarekin 2007 eta 2010 urteen artean sina­tutako kontratuen eta ordaindutako fakturen kopia, baina lanak eslei­tzeko moduaren berri ere. Zehazki, Erratzuko frontoiaren zaharberri­tze lanak, Arraiozko Ar­titxo­koerrekaren lanen zuzendaritza, Arraioz­ko ur-hornidura, saneamendu eta zolaberritze lanak, Erratzuko sare nagusiaren berritzea, Lekarozko ur-hornidura sarea, Arizkuneneako igogailua, Elizondoko Braulio Iriarte eta bertze karrika batzuen argiteria, Oronoz-Mugairiko euritako uren sarearen eta zolaberritze lanen proiektuaren erre­dakzioa, Almandoz­ko zeharbidea, Arizkungo sareak, 2009-2012 Inbertsio Planerako memoria tekniko baloratuen idazketa, Almandoz­ko sareen eta zola­be­rritze­ lanen zuzendari­tza, Oronoz eta Al­man­dozko 2009-2012 planeko memoria tekniko baloratuen eguneraketa eta Arizkun eta Erra­tzuko hornidurarako soluzioak izan dira UPNkoek eskatutakoak.

UPNtik adierazi dute­nez, zenbait­ lan alkateak zuzenean eman ditu eta «behatzez egindako adjudikazio horiek ilegalak direla ebatzi dute dagoeneko senten­tzia bidez eta horregatik ikusi nahi dugu kontratazio guziak legez egin ote diren, berdintasun eta konpeten­tzia irizpideak segituz».

Informazio eskari ho­rri, legez bortz egunez erantzun behar zaio eta epe hori bete eta bi egunera, udal gobernu taldeak 20 egunez informazioa jasoko zutela jakinarazi zion UPNri. Talde honi emandako arra­zoiak ez zaizkio aski iruditzen legezko epea ez betetzeko, eta «informa­zioa ezagutzeko daukagun eskubidea artifizial­ki gibeleratzeko egina dela ematen du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun