Korrikaren 17. Edizioa apirilaren 11n pasatuko da eskualdetik, baina hori girotzen hasteko, apirilaren 2an Korrika Besta antolatu da Baztanen.
Goizeko 10:00etan Amaiurren gosaria eginen da. 11:00etan bizikleta martxa eginen da Amaiurtik Elizondora. 14:30ean bazkaria eginen da Elizondoko Merkatu Plazan, honako menu honekin: paella, oilasko izterrak, txokolatezko tarta, kafea eta kopa. Txartelak 15 euroan salgai daude Intza, Pirrin eta Zubi-punta ostatuan, baita Suinki euskaltegian ere.
Bazkalondoan, 18:00etan fanfarre-poteoa eta bertsolariak izanen dira, Fanfarremifa, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde eta Jon Barberenaren eskutik. 22:00etan kontzertuak izanen dira Elizondoko Gaztetxean, Ufestuek Kaskezur eta Errugabe taldeekin. Sarrera 2 euro ordaindu beharko da.