Baztango ezker abertzaleak Herriprograma ekimeneko ondorio nagusien berri emateko agerraldi jendetsua egin du martxoaren 26an, larunbat eguerdian Elizondon. 117 lagunek parte hartu dute ekimenean, “denak ere bertze Baztan bat eraikitzeko eginahalean, abertzalea eta ezkerrekoa, herritarra”, agerraldian aipatu zenez.
Lan eta pentsioen erreforma, murrizketa sozial eta egitasmo suntsitzaile garai honetan, Baztanen ere hori bera bertze maila batean ikusi dugula uste du Ezker Abertzaleak, “burbuila inmobiliarioa, Aroztegiako proiektu espekulatzailea, zahar etxearen pribatizazioa, hiltegia gainbehera uztea, agintekeria eta herritarrei kasurik ez egitea… Guzti horretan Nabaik eta UPNk bat egin dute; inongo eragozpenik gabe gainera”. Baztango egoera hori aldatu beharra dagoela uste dute, “bertzenaz, NaBairen eta UPNren politikek Baztanekin akituko dute”.
Aldaketarako zazpi zutabe
Aldaketa bide horretan zazpi zutabe nagusi zehaztu ditu Baztango Ezker Abertzaleak, bere lana finkatzeko. Lehenik, Baztango erakundeak demokratizatu behar direla uste dute, “herritarren parte hartze zuzen eta etengabea bermatuz”. Zerbitzu publikoak pribatizatzeko udalaren apostuarekin akitu beharra dagoela ere uste dute. Modu berean, Udal Plan Orokorra herri bakoitzeko beharren arabera egin behar dela pentsatzen du Ezker Abertzaleak. Lehenbailehen eskualdekoekin parekatuko diren udal zerbitzu sozial eraginkor batzuk garatzearen beharra ere azpimarratu du. Baserritar, kontsumitzaile, albaitari, harakin, tratante eta behar den guztiaren iritzia kontuan hartuz, nekazaritza sektoreko eragileen gunea sortu behar dela ere uste dute eta horrek Baztango garapenaren oinarrietako bat behar dueka izan. Baztan eta udal euskaldun bat erdiesteko erabateko konpromisoa eta parekidetasunean eta berdintasunean aintzinatzeko udal plan bat egitea ere ageri dira Baztango Ezker Abertzalearen oinarrizko ardatzen barrenean, baina horietaz gain, herri programan arlo guztietarako proposamenak bildu eta adostu dituzte eta oraino ere horien lanketan segitzen dute.
Baztango ezkertiar eta abertzaleak zortzi urte udaletik kanpo eduki dituztela gogoratu ondotik, indartsu itzultzeko tenorea iritsi dela iritzi diote.