Baserrietan bakarrik dagoen adineko jendea babesteko kanpaina paratu du abian Elizondoko Foru Poliziaren komisariak, Adineko bat ere ez bakarrik baserrietan deitu dutena, hain zuzen. Kanpainak, ordea, aldeko eta kontrako iritziak bildu ditu. Ezker Abertzaleak prentsara igorritako oharrean, neurri berri honen harira zenbait gogoeta egin ditu: alde batetik, «baserrietan bakarrik dauden adineko jendearen zainketa egiazko arazoa» dela dio, «arazo larria, modu bereko erantzuna eskatzen duena». Bere irudiko, «horretarako udaleko zerbitzu sozial eraginkor batzuk behar dira, baina hori nekez erdietsiko da NaBaik erakutsi duen axolagabekeriarekin». Gisa berean, Baztangoa «Bortzirietako edo Malerrekako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak baino aise gibelerago dagoela» adierazi du.
Bertzalde, UPNren jarrera ere kritikatu du: «Nafarroako Gobernuak oraingo krisiaren testuinguruan, azpiegitura zentzugabeetan sosa gastatzen duen bizkitartean, gizarte zerbitzuetako gastuak aldiro murrizten ditu».
Baserrietara foru poliziak bidaltzeko erabakiaren kontra dago Ezker Abertzalea: «arazo sozialen aitzinean irtenbide polizialaren aldeko joera beldurgarria eta salagarria ikusten ari gara. Eta orain, adineko jendeak dituen beharrak artatzeko, laguntza eta zerbitzu berriak eskaini beharrean edo gizarte langile gehiago kontratatu beharrean, polizia gehiago!».
Gizarte arloko lanetan aritzeko jende prestatu anitz badagoela gogoratu du Ezker Abertzaleak, «gehienak, hori bai, langabeziako zerrendetan. Haatik, nahiago dute gizarte arloan inongo formakuntzarik ez duten pertsona armatuak bidali adineko jendeak gainbegiratzera».