Zerbitzu anitzetako bi langile finko hartzeko eskaintza zabaldu ondotik –martxoaren 23an akituko da aurkezteko epea–, bertze bi langile finko hartzeko deialdia egin du Udalak: udaletxean eta San Francisco Jabier ikastetxean atezain edo etxezain bana kontratatzeko, hain zuzen. Apirilaren 7rako aurkeztu beharko dira eskaintzak.
Lanposturako aurkezten direnek eskola graduatuaren titulua, euskararen ezagutza frogatzen duen agiria eta B mailako gidabaimena izan beharko dituzte.
Udaletxerako
Udaletxeko etxezainaren egitekoak, hala nola, hauek izanen dira: ateak ireki eta itxi; telefonoa, faxa eta posta elektronikoari kasu egin; posta eta paketeak kontrolatu; fotokopiak eta eskaner lanak egin; udaletxeko eta kanpoko langileei harrera egin; argindar, ura, gasa eta gainerako zerbitzuen erabilera egokia kontrolatu; lokalen garbiketaz arduratu; botikinaren ardura...
Eskolarako
Eskolako atezainaren egitekoen artean hauek daude: eskola orduetan atezaintzaz eta berogailuaz arduratu; eskolako altzari, makina, instalazio eta lokalak zaindu; bulego eta geletako giltzak zaindu; ateak ireki eta itxi; ate nagusian harrera egin; bere esku utzitako dokumentuak hartu, zaindu eta banatu; telefono eta faxaz arduratu, baita paketeak kontrolatu eta entregatu ere; ikastetxe barrenean behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatu; zuzendariari eta irakasleei lagundu; patioen eta jolastokien garbiketa; botikinaz arduratu...
Oposizio-lehiaketa
Bi kasuetan oposizio-lehiaketak bi zati izanen ditu. Lehiaketaldian merezimenduak hartuko dira kontuan: administrazio publikoan edo arlo pribatuan egindako lanak, ikasketak, prestakuntza...
Oposizioaldian, lehen ariketan erantzun laburreko edo test motako galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie. Bigarren ariketan, batetik, informatika proba eginen da, praktikoa; eta bertzetik, gai jakin bati buruzko azterketa praktikoa edo teorikoa.
Deialdiaren xehetasun gehiago www.baztan.es webgunean.