Isolamendu kaxkarra zuela. Obra gaizki egina zela. Hainbat argudio erabili ziren Elizondon estreinatu berria zen Baztango Udal liburutegiaren argindar gastu handia azaltzeko. Baina hori dena baino xinpleago den arrazoi batek esplikatzen ditu faktura izugarriak: Iberdrolak egiazko kontsumoaren arabera fakturatu beharrean, estimazioaren arabera fakturatu du, kontadorea irakurri gabe. Eta estimazio hori, egitan kontsumitu dena baino 19.626,77 euro gehiagokoa izan da.
Eta 2010eko martxotik 2011ko ilbeltzera dagokion kopuru hori itzuli egin beharko dio Iberdrolak Baztango Udalari. Fakturazioaren %80a da hori. Izan ere, Iberdrolak 25.133,50 euro fakturatu zuen bitartean, egiazko kontsumoa 5.506,73 eurokoa izan zen. Azken lau urteetako fakturazioak, iazko urritik aurtengo urtarrilerak, alarma-argiak piztu zituen Baztango Udalean, izan ere, egiazkoa baino 15.000 euro handiagoa izan da. Iberdrolaren azalpenak lasaitasuna ekarri du, izan ere, gaizki egin zen fakturazioak ia ezinezkoa bihurtzen baitzuen udal liburutegia mantentzea.
Gainera, burugabeko fakturak eztabaida handia piztu zuen Balleko Etxean NaBai eta UPNko zinegotzien artean, azken hauek lana gaizki egin zela argudiatu baitzuten, horren arduradun udal gobernu taldea eginez. Martxoaren 14ko udal batzarrean eman zen Iberdrolaren komunikazioaren berri eta modu berean, NaBaik zuzenketa egitea eskatu zien UPNko zinegotziei, “bere erranek iritzi publikoaren aitzinean eragin duten kalteengatik. Hauek, egiazko erruduna Iberdrola eta bere fakturazioa dela erran zuten eta horregatik egin dutela akatsa.