Abadiño irabazle 600 kiloko Euskadiko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2011ko martxoaren 14a

Abadiñoko txapeldunak eta Ibarrako azpitxapeldunak elkarrekin larunbatean Gernikan. Legarra

Amaiur bosgarren izan zen, iazko bigarren postutik urrun

Martxoaren 12an, larunbatean jokatu zen goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako zazpigarren eta azkenaurreko saioa Gernikako (Bizkaia) Maloste kiroldegian, eta gizonezkoen 600 kilokoen finalean Abadiño nagusitu zen, urteko bigarrena jantziz. Amaiur bosgarren izan zen, iazko bigarren postutik urrun. Emakumezkoen 500 kilokoan, berriz, berdindu egin dute Sakanak eta Badaiotzek, bigarren jardunaldian.

Martxoaren 12an, larunbatean jokatu zen goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako zazpigarren eta azkenaurreko saioa Gernikako (Bizkaia) Maloste kiroldegian, eta gizonezkoen 600 kilokoen finalean Abadiño nagusitu zen, urteko bigarrena jantziz. Amaiur bosgarren izan zen, iazko bigarren postutik urrun.

Emakumezkoen 500 kilokoan, berriz, berdindu egin dute Sakanak eta Badaiotzek, bigarren jardunaldian.

Gizonezkoen 600 kiloko finalean ondoko sei taldeok lehiatu ziren: Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Abadiño (Abadiño, Bizkaia), Amaiur, Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi) eta Indarka-Baiona (Baiona, Lapurdi). Abadiño, Sokarri eta Amaiurren arteko lehia zegoen aurreikusita txapelaz jabetzeko, baina Amaiurrek ez zuen podiumean sartzerik ere izan, bai, aldiz, Ibarrak. Abadiñok soilik tiraldi bat galdu zuen, Sokarriren aurka hain justu ere. Lehen tiraldia Abadiñok eraman zuen eta bigarrena Sokarrik. Abadiñok bere aldetik mendean hartu zituen gainerako lau taldeak; Sokarrik, aitzitik, bi tiraldik galdu zituen Ibarraren aurka eta Ibarrak Abadiñoren aurka galdu zuen soilik. Ñapurrakek, berriz, ongi menderatu zuen Amaiur, eta, Abadiño, Ibarra eta Sokarriren aurka galdu bazuen ere, laugarren sailkatu zen azkenean. Amaiurrek Indarka-Baiona menderatu zuen eta lapurtarrek ez zuten irabazterik izan. Abadiñok, beraz, bigarren txapela bereganatu du aurten, txapelketako lehen pisuan lortu baitzuen lehen txapela, 680 kilokoan.

 

2011ko gizonezkoen 600 kiloko azken sailkapena:

1. Abadiño (Abadiño, Bizkaia): 6 puntu (13 tanto)

2. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 5 puntu (12 tanto)

3. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): 4 puntu (10 tanto)

4. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 3 puntu (6 tanto)

5. Amaiur (Amaiur; Nafarroa Garaia): 2 puntu (3 tanto)

6. Indarka-Baiona (Baiona, Lapurdi): puntu 1 (0 tanto)

 

2010eko gizonezkoen 600 kiloko azken sailkapena:

1. Abadiño A (Abadiño, Bizkaia): 6 puntu (15 tanto)

2. Amaiur (Amaiur, Nafarroa Garaia): 5 puntu (12 tanto)

3. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 4 puntu (9 tanto)

4. Berriozar (Berriozar, Nafarroa Garaia): 3 puntu (6 tanto)

5. Abadiño B (Abadiño, Bizkaia): 2 puntu (3 tanto)

6. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): puntu 1 (0 tanto)

 

Emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia

Emakumezkoen 500 kilokoan, ondoko hiru taldeok jardun zuten: Ibarrak (Ibarra, Gipuzkoa), Badaiotzek (Gasteiz, Araba) eta Sakanak (Arbizu, Nafarroa Garaia).

Pisu horretako bigarren jardunaldia jokatu zuten lehian diharduten hiru taldeek. Lehen jardunaldian Sakana nagusitu zen, baina larunbatean Gernikan berdindu egin zuten Sakanak eta Badaiotzek.

 

Emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldiko sailkapena:

1. Sakana (Arbizu, Nafarroa Garaia): 5 puntu

Badaiotz (Gasteiz, Araba): 5 puntu

3. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 2 puntu

 

Emakumezkoen 500 kiloko sailkapen orokorra, bi jardunaldi jokatu ondoren:

1. Sakana (Arbizu, Nafarroa Garaia): 10,5 puntu

2. Badaiotz (Gasteiz, Araba): 9,5 puntu

3. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 4 puntu

 

Heldu den larunbatean (martxoak 19) bukatuko da 2011ko goma gaineko Euskadiko Txapelketa, Arrigorriagan (Bizkaia). Gizonezkoen 560 kiloko txapela eta emakumezkoen 500 kilokoa jarriko dira jokoan.

Amaiurtarrek pisu arinenean jarria dute itxaropena eta beraiekin batera, Sokarri eta Ñapurrak lehiatuko dira pisurik arinenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun