Foruzainen ordez Gizarte Zerbitzuak sendotzea eskatu du Baztango Ezker Abertzaleak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 9a

“Adineko bat ere ez bakarrik baserrietan” kanpainaren harira

Baztango baserrietan bakarrik dauden adineko jendeak gainbegiratzeko Foruzaingoak hasi duen “Adineko bat ere ez bakarrik baserrietan” kanpainari buruz, zenbait gogoeta egin ditu Ezker Abertzaleak.

Baztango baserrietan bakarrik dauden adineko jendeak gainbegiratzeko Foruzaingoak hasi duen “Adineko bat ere ez bakarrik baserrietan” kanpainari buruz, zenbait gogoeta egin ditu Ezker Abertzaleak.

Baserrietan bakarrik dauden adineko jendeen zainketa egiazko arazo bat dela iruditzen zaio Ezker Abertzaleari, arazo larria, modu bereko erantzuna eskatzen duena. Horretarako udaleko zerbitzu sozial eraginkor batzuk behar direla uste du, “baina hori neketan erdietsiko da NaBaik erakutsi duen axolagabekeriarekin eta, batez ere, zerbitzu sozialetako zinegotziaren utzikeriarekin; kargua hartu zuenetik oraino ez baita behin ere bildu udaleko zerbitzu sozialetako teknikariekin”, Ezker Abertzalearen erranetan.

Modu horretan aski argigarria da Baztango Udaleko zerbitzu sozialak eskualdeko gainerakoekin konparatzea, eta, Bortzirietako edo Malerrekako zerbitzu sozialen mankomunitateak baino aise gibelago daudela iduritzen zaio Ezker Abertzaleari.

Bertzalde, maila orokorrago batean, Ezker Abertzalearendako bereziki salagarria da “UPNren Nafarroako Gobernuak adibidez, oraingo krisiaren testuinguruan AHTa, azpiegitura zentzugabeak eta gisakoetan sosa gastatzen duen bizkitartean, zerbitzu sozialetako gastuak aldiro murrizten dituela. Krisi garaian sektore babesgabeenen alde egin beharrean, herritarren bidez jasotzen dituzten sosak proiektu burugabeetan gastatzen dituzte. Gero eta behar sozial gehiago daude, gero eta muturreko egoera zailagoak, eta horretarako beharrezkoa da aurrekontu publikoetan eta jarduera publikoan behar sozialak lehenestea”.

Akitzeko, arazo sozialen aitzinean “irtenbide polizialaren aldeko joera beldugarria eta salagarria” ikusten ari da Ezker Abertzalea eta horren adibidetzat jartzen ditu “etorkinen jazarpena, disidentzia sozialaren kamera bidezko kontrol orokorra…” Eta, orain, dio idatziak, “adineko jendeek dituzten beharrak artatu edo atenditzeko, laguntza eta zerbitzu berriak eskaini beharrean edo gizarte langile gehiago kontratatu beharrean… Polizia gehiago!”. Gizarte arloko lanetan aritzeko jende prestatu anitz badagoela gogoratu du Ezker Abertzaleak, “gehienak, hori bai, langabeziko zerrendetan. Haatik, nahiago dute gizarte arloan inongo formakuntzarik ez duten pertsona armatuak bidali adineko jendeak gainbegiratzera. Sistema kapitalista bere gordinenean agertzen ari da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun