Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegia eta gero zer? Plataformak helegitea jarriko dio proiektuaren behin behineko onespenari

TTIPI TTAPA 2011ko mar. 8a, 13:51

Proiektu honen inguruan "udala informazioa manipulatzen eta ezkutatzen diharduela" uste du Aroztegia... eta gero zer? Plataformak. Artxiboko argazkia

Baztango udala ez dela erabaki hau hartzeko organo konpetentea uste du

Otsailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 35. Zenbakian Baztango Udalak argituratutako Udal Planaren aldaketaren behin-betiko onespenaren inguruan eta prentsan onespen honi buruz martxoaren 3an azaldutako berriari buruz, Aroztegia…eta gero zer? plataformak zenbait azalpen eman ditu, prentsa-ohar baten bidez.

Otsailaren 21eko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko 35. Zenbakian Baztango Udalak argituratutako Udal Planaren aldaketaren behin-betiko onespenaren inguruan eta prentsan onespen honi buruz martxoaren 3an azaldutako berriari buruz, Aroztegia…eta gero zer? plataformak zenbait azalpen eman ditu, prentsa-ohar baten bidez.

Plataformaren erranetan, “Udal Planaren aldaketa hau egiturazko aldaketa bat izanik, behin betiko aldaketa egitea Nafarroako Gobernuari dagokio bakarrik. Horrela izanik, Baztango Udalak ez du eskuduntzarik behin betiko onespen hau egiteko. Izan ere, behin betiko onespen hau Nafarroako Gobernuak jadanik aldaketa honi 2010eko irailaren 13ko 162/2010 Etxebizitza eta Lurralde Antolaketako Kontseilariaren Foru Aginduaren bidez eman zion”.

Aroztegia… eta gero zer? Plataformak dioenez, “2010eko urriaren 13an Baztango Udaleko egin osoko bilkura arruntean ez zen inongo behin betiko onespenik eman aipatutako aldaketari, Udalari ez dagokiolakoz, Udala Foru Aginduaren edukitaz jabetu bakarrik egin zen”. Foru Agindu onen aitzinean, hain justu ere, Aroztegia…eta gero zer? plataformak helegitea jarri du Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Udal Planaren aldaketa honek legea betetzen ez duela uste du Plataformak, “inposatutakoa eta herritar gehiengoaren interesen aurkakoa izateaz gain”.

Momentu honetan kasu hau auzitegietan tramitatzen ari da eta epaiketa hastekoa dago oraindik. Argitalpen hauen aitzinean plataformatik galdetzen dute “zergatik ari den Baztango Udala, berriz ere, denbora eta baliabide publikoak alperrik gastatzen pelotazo urbanistiko honen inguruan herritarrak nahasi eta manipulatzea helburu bakarrik duten alferrikako tramitetan”. Bertze behin ere plataformak salatu du NaBaiko udal gobernua proiektu honen inguruan “informazioa manipulatzen eta ezkutatzen diharduela, plataformari dokumentu publikoak eskuratzeko duen eskubidea ukatuz”. Bertze dokumentuen artean, “plataformari enpresa pribatu baten interesak defenditzeko kontratutako zerbitzu teknikoak udalari eragin dizkion gastuen fakturen kopiak edukitzea ukatu diola” salatu dute.

Gertaera hauen aitzinean, Aroztegia…eta gero zer? plataformak Nafarroako Aldizkari Ofizialean Baztango Udalak argituratutako behin betiko onespenari helegitea jartzea erabaki du, “Udala ez delakoz erabaki hau hartzeko organo konpetentea eta tokiz kanpo dagoelakoz”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun