Arizkunen ere inauteriak ospatuko dituzte. Egun handia Inauteri Asteartea izanen da, martxoaren 8a, Sagar dantza eta Hartza protagonista direla, baina igandetik hasita ibiliko dira gazteak puxka biltzen.
Zehazki, igande goizean, gosaldu ondotik hasiko dira etxez etxeko eskean, musikarien laguntzarekin. Arratsean, 20:00 aldera, musika izanen da plazan eta afaria.
Martxoaren 7an, astelehenarekin, gosaria eginen dute gazteek eta gero, egun osoan etxez etxe ibiliko dira eskean. Arratsean, berriz ere, musika eta afaria izanen da.
Dena dela, martxoaren 8an, Inaute Asteartean izanen dute egunik handiena Arizkunen. Goizeko 08:00etan gosaria izanen dute eta eguerdi aldera, lehenik Sagar Dantza dantzatuko da eta 13:00ak aldera, Hartza jautsiko da menditik eta karrozekin batera ibiliko da karrikaz karrika.