Foruzaingoaren zaindariaren eguna (Guardako Aingeru santua) ospatzeko ekitaldi instituzionala ospatu zen martxoaren 1ean Elizondon, Javier Caballero lehen presidenteordea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria buru zela. Ekitaldi horretan, azken urtean zerbitzu nabarmenak egin dituzten agenteei edo kidegoarekin lankidetzan aritu diren pertsonei 12 domina eta ohorezko 9 metopa eman dizkiete. Horrez gain, 40 agentek zorion publikoak jaso dituzte meritu profesionalengatik.
Caballero presidenteordeak 2006. urtetik foruzaingoaren Eguna ospatzeak duen izaera ibiltariaren garrantzia nabarmendu du. Elizondoko polizia-etxeak azken lau urteetan garatu duen lana ere azpimarratu du, bere ustez Nafarroako Gobernuak ezarritako "segurtasun zerbitzu integralaren" ereduaren adibidea baita. Ingurura egokituta dagoen erakusgarri, polizia-etxe horrek duela gutti abian jarritako ‘Adineko bat ere ez bakarrik baserrietan’ kanpaina nabarmendu du. Horren arabera, inguru bakartuetan bizi diren hirugarren adineko pertsonen errolda egingo da eta, besteak beste, inguruko osasun eta gizarte bitartekoekin koordinazioa bultzatuko da herritar horien segurtasuna eta arreta bermatzeko.
Horrez gain, Caballero presidenterodeak azken bi legegintzaldietako balantzea egin du eta izandako aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboak nabarmendu ditu. Modu horretan, presidenteordearen erranetan, Foruzaingoak 1.095 efektibo ditu -2003an karguaz jabetu zenean zeuden langileak baino %75 gehiago- eta aldi honetan irismen esparrua handitu du Altsasun, Lizarran, Zangozan, Tafallan eta Elizondon instalazio berriak jarrita edo zeudenak hobetuta.
Ekitaldian Santiago Aldako Baztango alkateordea eta Lander Santamaría zinegotzia egon dira, baita parlamentarien talde zabala ere, hala nola UPNko Carmen Ferrer eta Amaia Otamendi; PSNko Amanda Acedo, Samuel Caro eta José Javier Monzón; eta CDNko José Andrés Burguete. Javier Muñoz Nafarroako fiskalburua, María Caballero senataria, Helio Robleda Comptos Ganberako lehendakaria eta Ana Elizalde Iruñeko Herritarren Segurtasun arloko zinegotzia ekitaldian egon dira.