Oilar Dantza edo Orakunde eguna martxoaren 3an ospatu dute aurten Elizondoko ikastetxeetako haurrek. Hortxe emanen zaio hasiera 2011ko inauteriei.
Eta hurrengo egunean, ortzilerian, inauteri giroan sartuko da buru-belarri mundu guztia. Goizeko 10:00etan mozorroen elkartzea eginen dute Gaztetxearen parean eta ondotik puxka-biltzeari emanen diote hasiera. Eguerdiko 14:30ean bazkaria izanen da eta arratsaldeko 16:00etan haurren desfilea (Elizondoko Eskola, Ikastola eta Haurtzaindegikoak). Eta desfilearen nekeak kentzeko, txokolate beroa eta dantzaldia haurrendako. Ondotik mozorroen ibilaldia musikarekin eta gaueko 22:00etan Jantziloren erretzea plazan.
Larunbatean, martxoak 5, goizeko 11:00etan jarria dute hitzordua mozorroak elkartzeko. Zopak eta ziztor jatea izanen da Ikastolako Parkean. Ondotik, herrian barna ibiliko dira txarangarekin aperitiboak hartu bidenabar. Eguerdiko 14:30ean herri-bazkaria izanen da Antxitonea Jatetxean. Txartelak salgai daude dagoenekoz. Eta bazkariaren ondotik inauteri giroa nabarmenduko da karriketan. Izan ere, arratsaldeko 18:00etan mozorroen desfilea izanen baita txarangak lagunduta.