Otsailaren 17az geroztik, Sasoi Eskabazioak Enpresa Elizondoko ibai-parkearen lehen faseko lanekin ari da. Izan ere, horrela erabaki zuen Udalak otsailaren 14an egindako batzarrean. 300.000 euroko aurrekontua izanen du obrak eta NaBaiko zazpi zinegotzien aldeko botoekin eta UPNko abstentzioarekin atera zen aitzinera. Azken hauek «kontratazio mahaian parte hartzerik izan ez zutela» salatu zuten.
Lan hauek diruz lagunduak izanen dira, Espainiako Aurrekontu Orokorren bidez %100eko dirulaguntza ailegatuko baita, NaBaik egindako zuzenketaren bidez. Lehen fase honetan, Arizkuneneako gibelaldetik hasi dira lanak egiten.
Oinezko eta txirrindulariei garrantzia
Egitasmo honekin, kirola egiteko aukera eskainiko lukeen ibai-parkea egin nahi du Udalak, Jaime Urrutia Karrikaren inguruan zirkuitu itxi bat eginez, eta oinezko eta txirrindulariei garrantzia emanez: Pedro Axular Karrikan hasiko da ibilbidea, erreka parean, eta bidean, zoladura eta toki berdeak tartekatzea da asmoa. Pedro Axular Karrikaren amaieran, plaza bat eraiki nahi da, eta aire librean, gimnasio bat.
Hortik aitzinera, bigarren fase batean, bi metro zabaleko bidea egokituko litzateke oinezko eta bizikletendako, meandroa alde batetik bertzera zeharkatuz, Pedro Axular Karrikatik parkeraino. Zati honetan egurrezko pasabideak paratu nahi dira erreka gainean. Pergola batekin itzal eremu bat ere sortuko litzateke, bankuekin. Bideak frontoi luzera arte segituko luke, eta inguru horretan skate pista bat eraiki nahi da, baita zuhaizti bat ere. Bigarren fase honetarako ere %100eko finantziazioa lortzekotan daudela errana du Virginia Aleman alkateak.
Hirugarren fasean, Merkatuko Plaza ere berreskuratu nahi da berdegune bezala, eta hemen bertze pergola bat egin nahi da, eta hortik aitzinera, Jaime Urrutia Karrikarekin lotuko litzateke ibilbidea.