Lan-kontratu finkoa edukiko duten zerbitzu anitzetako bi langile kontratatu nahi ditu Udalak oposizio-lehiaketa bidez, eta horretarako deialdia egin du. Eskaintzak udal bulegoetara eraman beharko dira, martxoaren 23a baino lehen. Nortasun Agiri Nazionalaren eta euskara tituluaren kopia konpultsatuekin batera, merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dira.
Lanposturako aurkezten direnek betebeharreko baldintzetako bat, eskola graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako titulua edo baliokideren bat edukitzea da, baina euskararen ezagutza ere frogatu beharko da. Hizkuntza Eskolaren gaitasun agiria, EGA edo horien baliokidea duenak ez du euskara probarik egin beharko; bai, ordea, ez dutenek. Guttienez B mailako gidabaimena eta ibilgailua eskura izatea ere ezinbertzekoak izanen dira.
Oposizo-lehiaketaren nondik norakoak
Bi zati izanen ditu oposizio-lehiaketak: lehiaketaldia batetik eta oposizioaldia bertzetik.
Lehiaketaldian merezimenduak hartuko dira kontuan, bertzeak bertze, administrazio publikoan zein arlo pribatuan egindako zerbitzuak, ikasketa tituluak, prestakuntza ikastaroak...
Oposizioaldian, berriz, hiru proba egin beharko dira. Lehendabiziko ariketan, erantzun laburreko edota test moduko galdera batzuei idatziz erantzun beharko zaie; bigarrenean epaimahaiak prestatuako zenbait galderei idatziz erantzun beharko zaie eta proba praktikoan, elektrizitate, mekanika, iturgintza, igeltseritza, soldadura eta abarrei buruz galdetuko zaie; hirugarren zatian buruz buruko elkarrizketa eginen zaie Baztango udalerriaren gaineko ezagutzari eta haren ezaugarriei buruz (15 minutukoa gehienez ere).