kirol proba Pirinioak bizikletaz gurutzatzen duen Transpyr Adventure 2011 kirol proban parte hartzeko aukera eskaini nahi die Udalak baztandarrei eta horretarako zozketa eginen du. Parte hartzeko epea ere zabaldu du eta ortzegun honetako, martxoaren 3ko, 14:00 arte ematen ahal izanen da izena udal kirol bulegoan, datuak emanez, 948 581279an edo cultura@baztan.es-en.
Baztanen erroldatuak dauden eta adinez nagusiak diren pertsonek parte har dezakete zozketan, eta taldeko bi kideen izen-abizenak, harremanetarako telefonoa, posta elektronikoa eta helbidea jakinarazi behar dira. Bi laguneko taldeak Transpyr Adventure 2011 kirol proban parte hartzeko aukera izanen da saria, taldeko 1.360 euroko balioa duen saria. Pirinioak bizikletaz gurutzatuko duen kirol proba hau uztailaren 2an abiatuko da Rosesen (Girona) eta uztailaren 9an akitu Donostian. Sarian ez dira sartzen bizilekutik Roseserako eta Donostiatik etxerako joan-etorriak, ezta proba egunetako ostatua ere.
Talde irabazleak zazpi eguneko epea izanen du Udalari saria onartzen duen ala ez jakinarazteko, eta taldea bera jarri beharko da antolatzaileekin harremanetan parte-hartzeko baldintzak zehazteko.