Korrikak Baztanen barna eginen duen ibilbidea prestatzen ari da burubelarri Baztango Korrika Batzordea. Otsailaren 10ean eta 24an egin zituen lehendabiziko bilkurak apirilaren 11n etorriko den Korrikari begira. Halere, hori baino lehen Korrika Kulturala ere izanen da eta horren harira, Hilezinak antzezlana ikusteko aukera izanen da martxoaren 12an, larunbatarekin, Iruritako Gizarte Bilgunean, 19:00etan.
Txartelak aitzinetik erosteko aukera Elizondoko Suinki euskaltegian izanen da, baina egun berean ere erosi ahal izanen dira. Zortzi euro balio ditu, baina Korrika Laguntzaile direnendako sei euro.
Istorioa
Hilezinak zientzia-fikziozko komedia ironiko eta kritikoa da. Euskaldunen artean, solasaldi berean euskara eta espainola nahasteko joera gero eta hedatuago dagoela ikusteak eta ama hizkuntza euskara duten ume aunitz eskolan erdalduntzen direla frogatzeak sortutako azkurak eragindakoa. Lozorroan dagoen euskararen aldeko militantzia berpizteko ahalegina da: «2020 urtea da. Gosaltzen ari direla entzun dute berria irratian. Bart, argitu gabeko istripuan hil dira bizirik zirauten azken zazpi euskaldunetatik lau. Erranak erran, Unaik eta Goizederrek ongi dakite delako istripua Elebitasunaren Aldeko Zerbitzu Sekretuen lana izan dela. Bizirik dirauen hirugarren euskalduna aurkitu behar dute. Baina nola?». Gotzon Barandiaranek idatzi eta Josu Camarak zuzendutako antzerkia da, eta Kukubiltxo taldeak taularatuko du.