Elizondoko liburutegiko berogailu gastuak kezka sortu du Baztango Udalean

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 24a

Elizondoko liburutegi berria joan den urteko azaroan estreinatu zen. Artxiboko argazkia

Oronozko frontoiaren jabetzak ere eztabaida piztu zuen NaBai eta UPNko zinegotzien artean

Joan den urteko azaroan estreinatu zen Elizondoko liburutegi berriaren argindar eta berogailu gastuek kezka sortu dute Baztango Udalean eta eztabaida piztu zen otsailarem 14ko udal batzarrean NaBai eta UPNko zinegotzien artean. Izan ere, hileroko gastua kasik 8.000 eurora ailegatu da (azkeneko erreziboa 7.729,11 eurokoa izan zen). NaBaiko ordezkariek aipatu zutenez, “zer gertatzen ari den aztertzen ari gara, eta dakigunean, soluzioa emanen zaio”. UPNren ustez, aldiz, “obra gaizki egina dago, beheitiko aldetik ez dago ongi isolatua eta erreka hortik pasatzen da. Horregatik ditugu honelako kontsumoak, sabaian 35 graduko tenperatura hartu arren, zolatik metro terdira 12 gradutan egoten delako”.

 

Oronozko pilotalekua

Oronozko pilotalekuaren inguruan Nafarroako Probintzia Auzitegiak emandako epaiak ere eztabaida iztu zuen Balleko Etxean. Frontoi honen jabetza Urrutia Fundaziotik Haizea 2.002 enpresara pasatu zen, bertan pisuak eraikitzen hasi zirenean. Halere, jabetza pribatua izanagatik, erabilera Baztango Udalaren eta herritarren esku dago 1998. urtetik hasita bertze hirutan hogeita hamabortz urtez. Kontua da, Haizea 2.002 enpresak porrot egin zuela eta bere akreedore edo hartzekodun batek frontoiaren eta ondoko lur-eremuaren jabetza eskatzen duela. UPNko zinegotziek aipatu zutenez, “bere garaian erran genuen udalarena ez zen frontoia moldatzea baino hobe zela frontoi berria egitea, eta orain datoz arazoak”. NaBairen ustez, “frontoiaren erabilera bermatua dago, ez baita bere garaian sinatutako hirigintza hitzarmena zalantzan jartzen. Balleko Udalak urratsak eman beharko ditu orai frontoiaren jabetza eskuratzeko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun