Foruzaingoaren urteroko besta Baztan eta Ultzamako zenbait herritan eginen da aurten. Aurreko edizioetan Zangozan, Tafallan, Lizarran eta Tuteran egin da. Ekitaldi nagusia datorren asteartean, martxoak 1, egingo da Elizondon. Aste honetan ere jardueren programa garatzen ari da Elizondon, Donezteben, Oronoz-Mugairin, Bertizen eta Larraintzarren. Aingeru Guardakoa Foruzaingoaren zaindariaren ekitaldi nagusia Elizondon eginen da, herriko polizia-etxe berriaren lanen hasierarekin bat etorriz. Polizia-etxe berriak inguruko 27 udalerriri eta 26.000 herritarri zerbitzua emanen die, datorren udazkenean eraikitze lanak amaitu ondoren. Jardunaldiak –izaera ibiltaria dute 2006tik; urte horretan Xabierren egin ziren- kidego horren jarduera zabaltzeko eta herritarrekin harreman zuzenerako topagunea sortzeko pentsatuta daude.
Programa astelehenean, otsailak 21, hasi da, Ultzaman eskaini den ‘Enpresa eta granja seguruak kanpainari’ buruzko hitzaldi-solasaldi batekin. Inguruko Foruzaingoak kanpaina hori duela gutxi aktibatu du, tokiko enpresa- eta abeltzaintza-ehunaren segurtasun objektiboa eta subjektiboa hobetzeko.
Asteartean Elizondon
Asteartean, otsailak 22, Elizondoko kultura-etxean, Arizkunenean, 18:00etan, genero-indarkeriari buruzko hitzaldia eginen da eta "Adineko bat ere ez bakarrik Elizondoko polizia-etxearen eraginpeko baserrietan’ kanpaina aurkeztuko da. Kanpaina hori Baztango Foruzaingoaren egoitzaren eragin-esparruan hirugarren adineko pertsonen segurtasuna hobetzera bideratuta dago.
Otsailaren 23an Bertiz eta Donezteben
Bertizko Natur Parkean Foruzaingoaren barrenean jubilatu edo hil diren kideei omenaldia eginen zaie asteazkenean, otsailaren 23an. Goizean meza egingo da Oronoz-Mugairiko Jasokunde parrokian (11etan), eta ondoren Bertiz Jaurerriko instalazioetan omenduei ohorezko metopak emango zaizkie, lanbide-ibilbidea aitortzeko. Aitorpenak Alfonso Fernández Díez Foruzaingoaren buruak emango ditu.
Egun berean, Doneztebeko ikastetxe publikoan Foruzaingoaren ateak irekitzeko eguna eginen da. Ekitaldi horretan, kidegoko unitateek haien lana garatzeko erabiltzen dituzten baliabideak eta materialak aurkeztuko dituzte. Jardunaldi horretan Trafiko eta Bide Segurtasun arloan, Joko eta Ikuskizunen brigadan, Ingurumena Zaintzeko brigadan, Polizia zientifikoaren dibisioan eta esku-hartze dibisioan egiten den lana ezagutu ahal izanen da. Txakurren unitateak erakustaldia eginen du. Horrez gain, Esku-hartze Berezien Taldeak maniobren erakustaldia eginen du Nafarroako Gobernuko helikopteroarekin. Simulazio bat eginen du, zaurituak erreskatatuz eta espezialistak leran eramanez. Jardunaldi hau hartzen duen ikastetxeko ateak 14.45etik 18:30era irekita egonen dira. Asteazken horretan ‘Trafikoa eta istripuak’ hitzaldia entzun ahal izanem da Donezetebeko erakusketa aretoan.
Foruzaingoaren Eguna martxoaren 1ean
Programa akitzeko, Foruzaingoaren Eguna ospatuko da martxoaren 1ean, Javier Caballero lehen presidenteordea eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria buru dela. Ekitaldiak 11etan hasiko dira: Elizondoko Santiago parrokian Meza izanen da eta ondotik formazioa berrikusiko da udal frontoiaren kanpoaldean, eta ondoren ekitaldi instituzionala eginen da, ospakizuna akizeko.