Arrigorriagako (Bizkaia) taldeak 600 kiloko lehen jardunaldiko txanda eta tiraldi guztiak irabazi ditu otsailaren 19an Baionan, eta sailkapeneko buruan jarri da.
Goma gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketako bosgarren saioa jokatu zen otsailaren 19an Baionan, gizonezkoen, 600 kiloko lehen jardunaldia, hain zuzen ere. Ondoko zortzi taldeok aritu dira lehian: Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa), Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia), Abadiño (Abadiño, Bizkaia), Amaiur (Nafarroa), Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi), Indarka-Baiona (Baiona, Lapurdi), Basaburua-Imotz (Nafarroa) eta 6 Conceyos (Asturias, Espainia).
Lau taldeko bi multzotan aritu dira lehian. Lehen multzoan Abadiño izan da multzoburua, eta berarekin batera, Ibarra, Sokarri eta 6 Conceyos aritu dira lanean. Sokarrik tiraldi guztiak irabazi ditu, eta lehen postuan sailkatu da.
1. multzoko sailkapena:
1. Sokarri
2. Abadiño
3. Ibarra
4. 6 Conceyos
Bigarren multzoan, Amaiur izan da multzoburua, eta, Ñapurrak, Indarka-Baiona eta Basaburua-Imotz izan ditu aurkari. Hain justu ere, Amaiur izan da garaile ligaskan.
1. Amaiur
2. Ñapurrak
3. Indarka-Baiona
4. Basaburua-Imotz
Bi multzoetako ligaskak jokatu ondoren, jardunaldiko sailkapena zehazteko norgehiagoak jokatu dira. Sokarri eta Amaiur aritu dira aurreneko bi postuetarako borrokan, eta bi tiraldiak irabazi ditu Bizkaiko taldeak; aski garbi gainera. Hirugarren eta laugarren posturako, aitzitik, lehia estua izan dute Abadiñok eta Ñapurrakek. Bi tiraldi on burutu dituzte, eta biak irabazi ditu Abadiñok.
Gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldiko sailkapena:
1. Sokarri (Arrigorriaga, Bizkaia): 8 puntu
2. Amaiur (Amaiur; Nafarroa Garaia): 7 puntu
3. Abadiño (Abadiño, Bizkaia): 6 puntu
4. Ñapurrak (Ezpeleta, Lapurdi): 5 puntu
5. Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 4 puntu
6. Indarka-Baiona (Baiona, Lapurdi): 3 puntu
7. Basaburua-Imotz (Basaburua eta Imotz, Nafarroa Garaia): 2 puntu
8. 6 Conceyos (Asturias, Espainia): puntu 1
Heldu den larunbatean (martxoak 5) jokatuko da pisu horretako bigarren jardunaldia, Elizondon (Nafarroa Garaia). Jardunaldi hori jokatu ondoren, finala jokatuko dute lehenbiziko sei sailkatuak, Gernikan, martxoaren 12an.