Baztan-Errekako hamekagarren paxaka txapelketako finala jokatu zen otsailaren 19an, larunbat arratsaldean, Iruritako Aranabia pilotalekuan. Aurtengoan zortzi hirukoteetatik sei Iruritakoak ziren (Doneztebe eta Oizek bana aurkeztu zute) eta ohorezko lau postuetan denak Iruritakoak ziren.
Finalean, Irurita Ek (Miguel Garate, Joseba Urtasun eta Cesar Sarratea) 9 eta 5 irabazi zion Irurita G taldeari (Jesus Etxenike, Oskar Urrutia eta Karlos Garaikoetxea). Irabazleak aitzinetik hasi ziren markagailuan lehenbiziko bi jokuak irabazita (2-0). Bina berdintzea lortu zuten gerora galtzaile izan zirenek, baina hortik aitzinera, beti Irurita Ekoak aitzinetik izan ziren markagailuan (6-2, 6-4, 7-4, 7-5 eta 9-5).
Txapelak Iruritako alkate ohia eta aldi berean Aranabia pilotalekuko arduraduna den Maribel San Josek paratu zizkien irabazleei.
Final nagusia baino lehen, hirugarren posturako lehia jokatu zen eta Irurita Bk (Xabier Bazterrika, Iñaki Zabaleta eta Mitxel Etxenike) 9 eta 7 irabazi zion Irurita Dri (Mikel Ballarena, Xabier Barberena eta Miguel Bidegain).
Txapelak eta sariak banatu ondotik, antolatzaile, laguntzaile eta partehartzaileek afaria izan zuten Iruritako Olari jatetxean.