Amaiurko sokatira taldeari heldu zaio Euskadiko txapelketan pisu arinenetan lehiatzeko aukera. Jakina da taldekide kopuruarengatik eta tiralarien pisuarengatik talde ttikia dela Amaiurkoa eta horregatik pisu arinenetan moldatzen da hobekien. Joan den urtean, 560 kilokoan Munduko azpitxapeldun izan zen Italian eta horrek zerbait erran nahi du.
Orain artean, pisu astunetako txapelketak erabaki dira Euskadikoan, baina otsailaren 19an, larunbatean Baionan jokatuko den saioarekin hasiko da 600 kiloko txapelketa eta ohorezko postuetan sartzeko aukera handiagoak ditu Amaiurrek. Baztandarrekin batera, Nafarroako Basaburua-Imotz, Gipuzkoako Ibarra, Bizkaiako Sokarri eta Abadiño, Lapurdiko Ñapurrak (Ezpeleta) eta Indarka-Baiona eta Asturiasko 6 Conceyos lehiatuko dira, 18:00etatik aitzinera. Amaiurtarrak bigarren multzoko buruak izanen dira eta bertzean Abadiño izanen da buru. Multzo bakoitzak bere ligaxka jokatu ondoren, jardunaldiko sailkapena osatzeko tiraldiak jokatuko dira.
600 kiloko kategoriako bigarren saioa martxoaren 5ean jokatuko da Elizondoko pilotalekuan, emakumezkoen 500 kiloko saioarekin batera. Martxoaren 12an Gernikan (Bizkaia) jokatuko da kategoria honetako azken saioa.
Euskadiko txapelketa akitzeko, martxoaren 19an Arrigorriagan (Bizkaia) jokatuko da 560 kiloko saio bakarra.
Amaiurtarrak Eskozian
Heldu den urtean Eskozian eginen den Munduko Sokatira Txapelketaren atarian, toki berean, Perth hirian, hain zuzen, Nazioarteko Sokatira Torneoa jokatu zen joan den asteburuan eta han izan ziren Amaiurko Sokatira Taldekoak. 560 eta 600 kiloko kategorietan lehiatu ziren, eta pisurik ttikienean ederki moldatu ziren. Zazpi talderen artean, hirugarren postua eskuratu baitzuten Ingalaterrako Kilroe eta Ipar Irlandako Mountainview taldeen ondotik. Argi ikusi dute amaiurtarrek heldu den urtean zail izanen dutela iaz Italian golkoratu zuten zilarrezko domina berriz ere lortzea.
Ez zuten hainbertze zorte izan 600 kiloko mailan. Sail honetan bederatzi talde aritu ziren lehian eta ez zuten finalerdietarako sailkatzea lortu. Argazkian, Kilroe talde mitikoko kideekin ageri dira amaiurtarrak.