Otsailaren 19an, larunbat arratsean Elizondoko Lur aretoan garrantzi handiko musika-ekitaldia aditzeko aukera izanen da. Elkar diskoetxeak argitaratutako Gu gira eta Euskal Herriko lur maitea bilduma arrakastatsuetako hainbat abesti eta abeslari zuzen-zuzenean entzuteko aukera izanen da. Larunbat arratseko 23:00etan hasiko da emanaldi eta sarrera 19 euro kostako da.
Euskal Herriko lur maitea – Gu Gira kantaldia ikuskizuna arras berezia izanen da. Elizondora joaten direnak bertatik bertara gozatuko dute une gogoangarri eta ludiko hori, betiere, musikak berezkoa duen indar iradokitzaileak lagunduta. Ekitaldian aurkeztuko diren abestien bidez, han izanen diren abeslariek 1970eko hamarraldiko Euskal Herriaren ikuspegi atsegina, bizia eta erakargarria eskainiko dute.
Kantaldi horren bidez gure nortasunaren berpizkundearen historia gogoratu nahi da, ezkutuko musika-oroitzapenen bidez. Izan ere hor dago Euskal Kantagintza Berriaren berezko ardatza, eta horren inguruan hezurmamituko dira hainbat eta hainbat emozio.
Kantaldi berezi horretan ahotsa eta entzuleen bihotza izanen dira benetako protagonistak. Gorka Knörr, Urko, Txomin Artola, Niko Etxart eta Erramun Martikorena, Jean Mixel Bedaxagar eta Pantxoa eta Peio, horien guztien kantuak zuzenean entzuteko aukera izango dugu Elizondon. Kantu horiek guztiak gure memoria historikoaren parte dira, gure nortasunaren parte, eta, seguru gaude, une hori gure barnean betiko itsatsita gelditzea lortuko dutela.