Nafarroako landa eremuko eskolen jardunaldiak ehun irakasle baino gehiago bildu ditu

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 16a

Maite Oteiza

Aurten lehen aldiz, Nafarroako Landa Eremuko Eskola Ttikien Jardunaldiak egin dira ilbeltzaren 29an, Lekarozko Institutuan. Hasieran, Irakasle Laguntza Zentroan egitekoak ziren ekitaldiak, baina tailerretan parte hartzeko ehun lagunek baino gehiagok izena eman dutenez, Institutuan egin behar izan dituzte ekitaldiak. Landa eremuko eskolak ezagutaraztea izan da jardunaldien helburua, beraien izaera, antolaketa eta lana, hain zuzen. Aldi berean, eskolen arteko elkarlanaren berri eman da eta emanen diren hurrengo pausoak finkatu. Maisu-mais­tren arteko elkarlanerako zubiak eraikitzeko ere baliatu dira jardunaldiak, eta eskola bakoitzaren lana bertzeekin konpartitzeko ere bai. Jardunaldiak koordi­na­tu dituen Eneko Fernandezen erranetan, «lehen balorazioa hagitz positiboa izan da. Nafarroa osoan landa eremuko 70 eskola baino gehiago daude, 11 eremutan banatuak eta ilbeltzaren 29an Baztan-Bidasoaldekoak ez ezik, Pirinioe­ta­koak, Lizarraldekoak edo Sakanakoak izan dira Lekarozen». Landa eremu­ko es­kolen web orri berriaren aurkezpena ere egin zen eta gero tailerren txanda izan zen. Txanda bakoitzean tailer batera joateko aukera zegoen eta lau esperien­tzia ezagu­tzeko aukera. Osoko bilera eta ebaluaketa egindakoan, bazkaria egin zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun