Baztango ezkertiar eta independentistek Herri Programa 2011 ekimena aurkeztu dute. Honen helburua heldu diren udal hauteskundeei buruz udal mailan aldaketa sozial eta politikoa bulkatuko duen herri programa egitea da, «modu parte-hartzaile eta herrikoian, baztandar guztiekin egonez, solastatuz eta eztabaidatuz». Hala adierazi zuten otsailaren 8an Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egindako agerraldian. Hainbat sektoretako ordezkariek parte hartu zuten: sindikalgintza, kultura, kirola, herri mugimendua, gazteria, irakaskuntza eta ezker abertzaleko oraingo eta lehengo zinegotzi batzuk ere bai. Zure ahotsa gure hitze! agiria aurkeztearekin bat, Herri Programa 2011 egiteko erabiliko dituzten bitartekoak aurkeztu zituzten.
Agiri horretan, Baztanen NaBaik eta UPNk izan duten jokamodua salatu zuten, «herritarrei bizkarra emanez eta herritarren hitzaren gainetik inposizioaren bidez herritarren kontrako neurriak bat bertzearen ondotik bulkatu dituztelako». Eta horren lekuko, adibide hauek eman zituzten: «zahar etxearen pribatizazioa, edo ongizate eta zerbitzu sozialen udal zerbitzua minimoan kontzea. Aroztegiako proiektu espekulatiboan diru publikoa eta denbora pila gastatu duten biztartean, Loizu hiltegia hesteko puntuan egon da, edo, Iruritako eskola berria behar den bezala egiteko fundamenturik ez dute izan.. Hori bai, inork nahi ez zuen foruzainen komisaldegi berria inposatu digute». Horrekin batera, gaineratu zuten, etxe hutsak «ehunka daudela, baina jende anitzek bizitegia izateko zailtasunak ditu; etxe hutsak parrastan egonagatik, ehunka berri egin dituzte, sektorea burugabeki hanpatzera utziz eta alternatiba ekonomikoak bilatzeko eginahalik egin gabe». Nekazaritzak bizi duen krisi iraunkorraz ere mintzatu ziren: «duen funtzio produktibo, sozial eta ekologikoa berreskuratzeko ez dute interesik ttikiena izan; baina, merkatalgune handiak eta horiek dakarte lehen sektorearen desegituraketa baimentzen dute».
Galdeketa
Herri programa egiteko eta herritar guziei parte hartzeko aukera eskaintzeko Baztango etxe guzietara inkesta bat igortzeko asmoa dute ezkertiar eta independistek. Baztango herritar eta eragileekin elkarrizketa, mintegiak eta bilkurak ere egin nahi dituzte. Gisa berean, astearte honetan, otsailak 15, Herri Programa ekimenaren berri emateko solasaldia egitekoa zen Arizkunenean. Otsailaren 24an, berriz, udal programa eta eraldaketa soziala izeneko solasaldia antolatu dute. Horrez gain, Herri Programaren bulegoa zabaltzeko intentzioa ere badute.