Baztan Balleko Udalak otsailaren 14ean, astelehen eguerdian egindako batzarrean Sasoi Eskabazioak enpresari eman zizkion Elizondoko ibai partea egiteko lehen faseko lanak. 300.000 euroko aurrekontua izanen dute lanek (BEZ barne) eta NaBaiko zazpi zinegotzien aldeko botuarekin eta UPNko abstentzioarekin hartu zen erabakia, hauek “kontratazio mahaian parte hartzerik izan ez zutela” salatu baitzuten.
Udalak ez du deus ordaindu beharrik izanen lan hauek truke, Espainiako Aurrekontu Orokorren bidez %100eko dirulaguntza ailegatuko baita, NaBaik egindako zuzenketaren bidez. Lehen fase honetan, Arizkuneneako gibelaldetik hasiko dira lanak, otsailaren 17an.
Oinezko eta txirrindulariei garrantzia
Egitasmo honekin, kirola egiteko aukera eskainiko lukeen ibai-parkea egin nahi du Udalak, Jaime Urrutia Karrikaren inguruan zirkuitu itxi bat eginez, eta oinezko eta txirrindulariei garrantzia emanez: Pedro Axular Karrikan hasiko da ibilbidea, erreka parean, eta bidean, zoladura eta toki berdeak tartekatuko lituzkete. Pedro Axular Karrikaren amaieran, plaza bat eraiki nahi da, eta aire librean, gimnasio bat.
Hortik aitzinera, bigarren fase batean, bi metro zabaleko bidea egokituko litzateke oinezko eta bizikletendako, meandroa alde batetik bertzera zeharkatuz, Pedro Axular Karrikatik parkeraino. Zati honetan egurrezko pasabideak paratu nahi dira erreka gainean. Pergola batekin itzal eremu bat ere sortuko litzateke, bankuekin. Bideak frontoi luzera arte segituko luke, eta inguru horretan skate pista bat eraiki nahi da, baita zuhaizti bat ere. Bigarren fase honetarako ere %100eko finantziazioa lortzekotan daudela jakinarazi du Virginia Aleman, Baztango alkateak.
Hirugarren fase batean, Merkatuko Plaza ere berreskuratu nahi da berdegune bezala, hemen bertze pergola bat egin nahi da, eta hortik aitzinera, Jaime Urrutia Karrikarekin lotuko litzateke ibilbidea.